Genero indarkeria

Buruko gaixotasunak dituzten lau andretik hiruk tratu txarrak jasan dituzte

Fedeafes buruko erien elkarteen federazioak ikerketa bat egin du. Kezkagarriak dira datuak, eta honako ondorio hau atera du Fedeafes elkarteak: "Buruko gaixotasuna daukaten emakumeek biolentzia sufritzeko duten arriskua bikoiztu edo laukoiztu egiten da gainontzeko emakumeekin alderatuta". Egoera hobetzeko proposamen zehatzak egin dituzte.

Ikerketaren aurkezpena, gaur. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
2017ko ekainaren 14a
06:57
Entzun

Argia da Fedeafes buruko erien elkarteen federazioak abiatutako ikerketaren ondorioa: buruko osasun arazoren bat duten emakumeenganako indarkeria kasu gehienak ez dira hautematen, eta, antzematen den kasuetan, "emakumeek ez dute erantzun egokirik jasotzen, zerbitzu publikoak ez baitaude haien beharretara egokituta".

Kezkagarriak dira esku artean dituzten datuak: buruko nahasmendu larria duten lau emakumetik hiruk indarkeria jasan dute noizbait familiartean edo bikote harremanean; noizbait bikote harremana izan eta buruko gaixotasun larria duten emakumeen %80 inguruk jasan dute bikotekideak eragindako bortxakeria. Familiarekin bizi diren emakumeen %52 indarkeriaren biktima izan dira. Eta biktma izan arren, ez dakite: %40k baino gehiagok ez dute uste biktima direnik, eta, are gehiago, "errudun" direla ere sentitzen dute.

Egoera aldatzeko eskaera zehatzak egin ditu elkarteak, gaur, datuen berri ematearekin batera. "Instituzioen arteko koordinazio eta deribazio protokoloak" eskatu ditu, esaterako; baita Osakidetza barruan ESI erakunde sanitario integratu guztietan gaia txertatzeko ere; "espezializatutako zerbitzuak" prestatzea, arreta psikiatrikoa ematea, eta beste hainbat eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.