Erlauntza handituz doa, eta gero eta gehiago dira BERRI Taldearen Zure ziztada behar dugu kanpainarekin bat egin dutenak. Oraingo honetan Gipuzkoako Buruntzaldea eskualdeko alkateek eman diote atxikimendua kanpainari. Guztiek kezka azaldu dute euskarazko hedabideek, eta kasu honetan BERRIA, bizitzen ari den egoera ekonomikoarekin. Euskararen normalizaziorako "estrategikotzat" jo dute BERRIA, eta ezinbestekoa iruditzen zaie proiektuari eustea.
Ekitaldian izan dira: Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta, Hernani eta Ereñozuko alkateak eta Astigarraga nahiz Usurbilgo zinegotzi bana. Andoaingo alkate Ane Carreren ustez "gutxi" eskatzen zaie dagoen beharrarentzat. Gainera, gogorarazi du BERRIAren egoitza nagusia Andoainen egonda, oso lotura estua dagoela proiektuaren eta herriaren artean. Urnietako Mikel Pagolaren arabera,, alkateek eredu izan behar dute euskararen normalizazioan, eta kanpainari babesa agertzearen batera, horregatik izan da ekitaldian. Lasarte-Oriako Pablo Barriok azaldu duenez, azken urteetan urrats garrantzitsuak eman dtuzte euskalduntzean, eta BERRIAk ere egin du hor bere ekarpena.
Hedabideen krisiaren eta ekonomiaren atzeraldiaren ondorioz, azken urteak gogorrak izaten ari dira BERRIArentzat. Hori dela eta, proiektuari eutsi eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko, azaroan abiatu zuen diru laguntza kanpaina. Xedea: urtean 100 euro emango dituzten 5.000 lagunen komunitate bat osatzea. Dagoeneko 3.330etik gora egin dute beren ekarpena.