"Buruz indartsua", kostaren zalea...

2012ko maiatzaren 24a
15:55
Entzun

Andoni Urbistondok BERRIArako duela bi urteko urtarrilean Marko Banici egindako elkarrizketako zatiak dira ondorengoak.

Txus Bidorreta zure bilakaeran oso garrantzitsua izan da.

Bai. Harekin eta Jasmin Repesa entrenatzaile kroaziarrarekin, biekin ikasi dut asko. 20 urte nituela etorri nintzen hona, zeharo ezezaguna nintzela, Balkanetako besteko jokalari batzuekin; bizitza berri bat, ohitura berriak...

Hasiera oso zaila izan zen Bilbon.

Bai, lodikote nengoelako, eta jendeak morrosko hori nondik ekarri ote zuten galdetzen zuelako. Ez ninduten ezagutzen, ez zekiten zer eman nezakeen, eta, gainera, lodikote samar. Pentsa!

Zure erreferentziak, ordeak, ez ziren batere txarrak.

Ez, KK Zadar taldean hamazazpi puntu lortzen ari nintzen partidako. Jokalari garrantzitsua nintzen Kroazian, baina hona etorri eta bigarren maila batean nengoen, eta ez nengoen ohituta.

Eta nola egin zenuen aurrera.

Ba, hortzak estutuz, sufrituz eta ikasiz. Bizitzak gorabehera asko ditu, eta horietara egin beste erremediorik ez duzu. Bilbora etorri eta behe-behetik hasi beharko nuela onartu nuen, eta horregatik lortu dut gaur nagoen tokian egotea. Anbizio handiko mutila naiz.

Mingain gaiztoek diotenez, burugogorra ere bai.

Bai, pixka bat bai. Burugogorra baino gehiago, buruz-eta indartsua naizela esango nuke. Milan Majstorovic herrikideak nik baino askoz talentu handiagoa zeukan [Bilbo Basketen jokatu zuten elkarrekin], baina ez du nik izan dudan bilakaera ona izan, buruz-eta ez delako hain sendoa. Indartsua ez bazara, hondoratu egin zaitezke, eta akabo! Talentua ez, buruko indarra da nire akuilua. Ondo zaudenean, ikasten jarraitu behar da, eta gaizki zaudenean, gehiago entrenatu. Bidorretak askotan esaten zidan hori.

Bilbora etorri zinenean lodikote zeundela esan duzu. Poloniako Europako Txapelketan jokatu ondoren ere kilo batzuk sobran zenituela esan zen. Egia al da? Gai deserosoa al da hori zuretzat?

Dagoeneko ez naiz sobera arduratzen. Besteak beste, kritika horiek egiatik badutelako zerbait. Loditzeko joera dut. Udan batez ere, Kroazian, oso bizitza lasaia egiten dut, asko zaindu gabe. Metabolismo geldoko gorputza daukat. Denboraldi hasierak gogorrak izaten dira niretzat, baina aste pare batean-edo neurria hartzen diot. Orain pisu egokian nago.

Nabari da hala dela, zure zenbakiak ikusgarriak direlako. Taldeko jokalari onena zara, eta partidako hamabost puntu saskiratzen dituzu.

Tira, gustura nago. Minutu asko jokatzen ditut, eta neurria eman behar da.

Biko jaurtiketetan ACB ligako jokalari onenetakoa zara.

Bai, baina erreboteetan eta defentsan ez nabil batere ondo. Alor horietan asko hobetu behar dut. Jendea lortzen dudan puntu kopuruarekin bakarrik gogoratzen da, baina askoz gehiago egin dezaket jokoko beste arlo batzuetan.

Puntu asko pick&roll-aren bitartez lortzen dituzu, blokeo eta jarraipenaren bitartez. Ez da jokaldi erraza, baina zuk ederki egiten duzu.

Berezko sena behar da ondo egiteko, jokaldia ulertzeko, baina jokaldia landuz gero, eraginkorra izan zaitezke. Adi egotea da gakoa, ez baita berez egiten. Azkarra izan behar duzu, eta defentsaren mugimenduei adi egon toki ona eta abantaila lortzeko.

Pentsatzekoa da Bilbon gustura zaudela, 2012a arte luzatu baituzu zure taldearekin duzun kontratua orain gutxi.

Bai, jakina, bestela ulertezina litzatekeelako kontratua berritzea.

Zergatik zaude hain gustura Bilbon?

Faktore batzuk daude. Bidorreta da bat, taldean daukagun giro ona bestea, eta familia hirugarrena. Ivana emaztea eta Noelia alaba gustura daude Bilbon, eta hemen jarraitzea erabaki dugu.

Zer egiten duzu zure aisian?

Kosta zalea naiz. Zadarren itsasoa ondo-ondoan daukagu, eta hemen Algortara [Getxo] eta Sopelara joaten gara hirurok, egun-pasa egitera.

Bilbo hiri gaiztoa da pisua kontrolatzeko, tentazio asko ditu. Lortzen al duzu denak uxatzea?

Bai, bai, ez naiz asko ibiltzen tabernetan. Kale Nagusian dagoen taberna bat gustatzen zait asko: El Brujo. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.