Euria erruz botatzen ari da hainbat lekutan, eta alerta laranjan daude Bizkaia eta Gipuzkoa, euriteengatik. Nafarroa iparraldean, berriz, elurteengatik eman du alerta Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak larrialdi aurreko fasean aktibatu du Larrialdi Plana, uholde arriskuagatik; beraz, larrialdiko eta babes zibileko zerbitzuak ohartarazita daude.
Euskalmeten arabera, gaur zerua estalia egongo da egun osoan, eta euria ugaria eta etengabekoa izango da. Zaparradak lurralde osoan espero dira, iparraldean handienak; bertan, euri litro asko pilatuko dira, eta baliteke arratsaldetik aurrera ekaitzak ere jotzea, txingorrarekin batera. Haizeak ere indarra hartuko du, kosta partean batez ere, eta giro ezatsegina sortuko du horrek. Tenperaturak gora egingo du apur bat, eta elur maila igo egingo da, 800-1.000 metrora.
Putzu ugari sortu dira errepideetan; adibidez, GI-636 errepidean Hondarribia eta Donostia artean. Baita Gernika eta Kortezubi arteko errepidean eta N-121-An Irunen ere. Horrez gain, zuhaitz bat erori da Gobelan, eta kalteak sortu ditu Bilboko metroko katenarian. Horren ondorioz, atzeratuta dabil garraioa.
Errepideetako informazioa: telefono zenbakiak eta webak:
Errepideen egoerari buruzko informazio zehatza zerbitzu hauetan jaso daiteke:
- Nafarroa: 900-40 01 00 doako telefono zenbakian eta navarra.es webgunean.
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa: 012 zenbakian eta trafikoa.net webgunean.
- Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa: 0800100200 zenbakian eta bison-fute.equipement.gouv.fr webgunean.