jaiak

Buztin egosiak altzairuari utzi dio tokia

Beste urtebetez Izaro irlaren jabetza aldarrikatu du Bermeok teila jaurtiz. Eguraldia lagun, jende ugari bertaratu da jaiaz gozatzera. Bideoa: Madalen eguna Bermeon (Marisol Ramirez, Argazki Press) [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2154/[/berriatb]

Asier Arrate Iruskieta.
2014ko uztailaren 23a
12:43
Entzun

Kolore bakarra gailentzen da Madalena egunean Bizkaiko kostaldeko herrietan: urdina. Itsasoarena eta mahonezko jantziena, baita zeruarena ere atzoko egunean. Historian galdu den egun batean, Mundakako itsasadarraren bokalean dagoen uharteak aurrez aurre jarri zituen Bermeo eta Mundaka, Elantxoberen begiradapean. Gaur egun, ordea, lur zati idor horrek hiru herriak jai giroan elkartzen ditu. Uztailak 22 dituen bakoitzean, hiru herriak bat dira Izaro irlarako itsasontzi prozesio luzean. Tradizio handikoa da Madalena eguna, eta nahiz eta bermeotarrek argi daukaten Izaro irla norena den, badaezpada ere herriko alkateak urtero teila bat jaurtitzen du itsasora jabetza beste urtebetez aldarrikatzeko. Atzokoa ez zen salbuespena izan. Izan zen berritasunik, ordea, burdin egosizko teila bat izan beharrean altzairuzko bat jaurti baitzuen Idurre Bideguren alkateak.

Eguna lainotsu hasi zen, baina alaituz joan zen jai giroarekin batera. Goizean bermeotarrak portu zaharrera jaisten hasiak ziren, mahonezko alkandorak jantzita. Egun luzea zuten aurretik, baina eguraldi onak lagunduko zien. Urtero legez, eguna Santa Eufemiako elizan ospatzen den mezarekin hasi zen. Kalean, bitartean, gazteak zain zeuden kalejira noiz hasiko. Elizkizuna bukatuta, 11:30 aldera, kalejira hasi zen, udal gobernua buru zuela; herritarrek txaloka jaso zituzten. «Aupa Idurre», alkatearen aldeko oihuak ere entzun ziren. Haien atzetik hainbat ordezkari politiko joan ziren, besteak beste, EAJko Itxaso Atutxa, Izaskun Bilbao eta Bakartxo Tejeria eta Bilduko Pello Urizar eta Dani Maeztu.

Haiekin batera, Hegaluze itsasontzian bidaiatuko zuten hamazazpi bermeotar zeuden. Zozketa bidez lortu zuten itsasontzi nagusian bidaiatu eta jaiaz handik gozatzeko aukera. Horietako bat Irati Aranaz gaztea zen. Hunkituta mintzatu zen: «Egun handia da hau bermeotarrentzat, eta oso emozionatuta gaude azkenean itsasontzi nagusian joatea tokatu zaigulako».

Eguerdirako dena gertu zegoen, eta bermeotarren ontzi zutabea Izarora bidean zen. Denetarik ikus zitekeen bertan: arrantzontziak, belaontziak... flotatzen zuen edozerk balio zuen, inork ez baitzuen lurrean geratu nahi. Moilan zeudenek gogotsu agurtu zituzten ontzietan zihoazenak. Irrintzi, txalo eta oihu artean egin zuten bidea. Itsasontzietako kapitainek bozina joka erantzuten zieten.

Bermeotik ateratako barkuekin batera, Gurutze Gorriaren eta Ertzaintzaren hainbat ontzi zihoazen. Segurtasunak gora egin du azken urteetan, segurtasun araudi berriak direla eta.«Eskerrak hemen daudela, orain arazo gutxiago daude Izaro inguruan», azaldu zuen Hegaluze ontziko kapitainak.

Ukitu modernoa

Uhartera hurbiltzean uler zitekeen kapitainak esandakoa. Teila jaurtitzen den inguruan sekulako kalapita zegoen. Gainontzeko ontziek agintarienetik ahalik eta hurbilen jarri nahi zuten, eta inor ez zegoen amore emateko prest. Hala ere, nolabait istripurik ez izatea lortzen dute urtero.

12:30 aldera iritsi ziren itsasontziak Izaro parera. Bi pertsonak ikurrina eta Bermeoko bandera irlaren tontorrean jarri ostean, Bidegurenek teila jaurti zuen, beste urtebetez Izaroren jabetza aldarrikatzeko. «Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak» esaldi famatua oihukatu zuen. «Sinbolismoz betetako esaldia da», azaldu zuen alkateak. «Teiletako itoginek baserriaren agintea irudikatzen duten bezala, ekintza honek Bermeoren agintea noraino heltzen den erakusten du».

Hala ere, aurten ekintzak baino gehiago teilak berak eman du zeresana. Izan ere, ohiko buztin egosizko teila arrunt bat izan beharrean, Txuspo Poyo artista nafarrak egindako altzairuzko pieza bat jaurti zuen alkateak, jabetza berresteko.

Altzairuzko teila Poyoren erakusketa bateko artelana zen, eta artistak Bermeoko Udalari utzi zion, itsasora jaurti zezaten. Bermeoko, Mundakako eta Elantxobeko ontzien atalekin egin zuen teila, eta Bermeoko alkateek urteetan oihukatu duten esaldia dauka grabatuta. «Tradizioei ere batzuetan ukitu abangoardista eman behar zaie», adierazi zuen Bidegurenek. Berezitasunak gorabehera, altzairuzko teila gainontzekoak bezala hondoratu zen.

Izarotik Elantxobera abiatu zen ondoren prozesioa. Hor, tradizioari jarraituz, herriko alkateak aginte makila eman zion Bermeoko alkateari, eta, aurreskuaren ostean, bazkaria egin zuten. Baina ordurako jaia portuan zegoen. Itsasontzietan joandakoei inguruetatik bertaratutakoak gehitu zitzaizkien, eta itsasontzietako musika aprobetxatuz giro ederrean eman zituzten ilundu arteko orduak.

Elantxoben eguna bukatuta, bakoitza bere herrira bueltatu zen, jaiarekin jarraitzeko. Bermeotarrak eta mundakarrak, itsasontziz beste behin ibilbide bera eginez, eta Elantxoben zeudenak, Lagako hondartzarantz. Madalena eguna luzea baita, baina gaua, are luzeagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.