Zenbakiak. 2008tik erdira jaitsi da langile kopurua, eta 2008tik ez da irabazirik izan

2013ko urriaren 16a
18:09
Entzun

Konkurtso legera jotzeko erabakia Fagor Etxetresnetako kooperatibistek azken urteetan entzun dituzten albiste txarren artean azkena da. Urteak daramatza enpresak irabazirik atera ezinik, eta 2008tik, irabaziak izan zituen azken urtetik, erdira jaitsi da langile kopurua, 10.000 ingurutik, 5.642ra. Lanean jarraitzen dutenek maiatzean soldata %6,48 murriztu zuten. Horri, aurretik murriztu dutena gehitu behar zaio; ondorioz, gaur egun soldataren %80 baino ez dute jasotzen.

2008an 121.000 eurokoak izan ziren irabaziak, aurreko urtean baino %99 gutxiago; 2007an 13,4 milioi euro irabazi zituen. Harrezkero urtez urte dirua galdu du Arrasateko etxetresna enpresak. 2007tik %37 jaitsi dira salmentak, eta urte hauetan pilatutako zorra 800 milioi eurokoa da. Iaz, zehazki, 89 milioi euroko galerak izan zituen. Aurten ere etorkizun iluna dute enpresaren kontuek: lehen sei hilabetetan 60,4 milioi eurokoa izan da galera, iaz epe berean izan zenaren hirukoitza. 

Fagor Etxetresnak, irabaziak urtez urte, milioi eurotan, hauek dira:

2002 17,68
2003 14,6
2004 16,8
2005 4,5
2006 12
2007 13,4
2008 0,1
2009 -19
2010 -9,87
2011 -25,7
2012 -89
2013 -60,4 (ekainera arte)

Fagor Etxetresnak enpresak hamahiru lantegi ditu une honetan: bost Euskal Herrian (bi Arrasaten, eta bana Basaurin, Bergaran eta Eskoriatzan), eta zortzi atzerrian (Frantzian, Polonian, Marokon eta Txinan). Guztira, bere produktuak merkaturatzeko hamar markaren jabe da: Fagor, Brandt, De Dietrich, Edesa, Aspes, Sauter, Vedette, Ocean, SanGiorgio eta Mastercook.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.