Societe Generale bankuarekin suminduta dabiltza azkenaldian Bizi talde ekologistako kideak. Australiako ikatz meatze handi batean —Alpha Coal deituriko proiektuan— dirua inbertitu du finantza erakundeak, eta horrek C02 isuriak emendatuko dituela eta, hainbat protesta ari dira egiten Baionan bankuak duen egoitzetako batean —eskualdeko zuzendaritzaren egoitza—. Azken protesta atzo egin zuten, eta aurreko egunetan iragarritakoa betez, 1,8 ikatz tona jaurti zituzten egoitza parean, beren protestaren zergatia zein den oroitarazteko.
C02 isuriak klima aldaketaren eragileetako bat dira, eta horien isuriak apaltzera egin behar dela nabarmentzen dute Bizi taldeko kideek. Aldiz, Australian egin asmo duten egitasmoak justu kontrako norabidean diharduela salatzen ari dira: beste zortzi ikatz ustiapen abiatu nahi dituzte han, eta, orotara, guztiek, urtean Alemania osoak bezainbat gas kutsagarri isuriko lituzkete. Horregatik nahi dute egitasmoaren kontra egitea, kliman ondorio zinez larriak eragin ditzakeela baitiote.
Jarraitzekotan dabiltza
Bizi taldeko ordezkari Jon Palaisek, atzoko protestan, esan zuen ez dutela etsitzeko asmorik. Ingurumenaren aldeko beste hainbat erakunderekin —ATTAC-Frantzia eta Lurraren Lagunak— ari dira protesta honetan, eta denek elkarlanean segitzeko asmoa dute, bankuak egitasmotik erretiratzea ebazten duen arte. "Asko du galtzeko irudiaren aldetik", azaldu zuten. Erantzun baten esperoan.