C02 isurien doako kuotak emateko metodoa onartu du Bruselak

Europako Batzordeak onarturiko sistema 2013an ezarriko dute; debaldeko kuotak ematea ahalbidetuko du

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Europako Batasunean C02 isurien merkatuan —ETS deritzo— parte hartzen duten industriek doako isuriak egin ahal izateko zein bide izango dituzten zehaztu du Europako Batzordeak, berotegi efektua eragiten duten gasen isuria kontrolatze aldera. 2013an sartuko da indarrean onetsi berri duten sistema. Enkante bidez lortu ahal izango dituzte enpresari gehienek doako kuotak. Nolanahi ere, sistema berriak ontzat joko du, 2020a bitartean, zenbait enpresari debaldeko kuota batzuk ematen jarraitzea, bereziki kanpoko konpetentziaren ondorioz aurrera egiteko nekeak dituzten sektoreetan. Izan ere, Europako Batasunetik at dauden herrialde zenbaitek C02 isurien gaineko murrizketa arinak dituztela gogorarazi du Bruselak, eta horrek Europako Batasuneko zenbait enpresa, lehiarako orduan, ataka zailean jartzen dituela.

Zuzentarau berria idazteko orduan, Europako Batzordeko arduradunek aditzera eman dutenez, erreferentziak hartzeko, egun isuriak egiteko orduan eraginkorrenak diren industrien %10aren batez besteko jarduna aztertu dute. Enpresek zenbait egoera zailetan arnasa lortzeko hautatu ahal izango dituzten baliabide bakarrak ez dira izango debaldeko kuotak. Bestelako bideak ere onetsi dituzte sistema berrian: kuota osagarriak erosteko aukera izango da, 2012 bitarteko sasoian gordetako kuotekin trukea egin ahal izango da, eta nazioarteko konpentsazio kredituak ere hor izango dira.

Autoen kutsadura, lehengoan

Ibilgailu berriek eragiten dituzten C02 isurien gaineko datuak eman ditu automozioko kontzesiodunak batzen dituen Faconauto federazioak. Urteko lehen hiru hilabetetako datuei so, batez besteko isuria, Hego Euskal Herrian egin diren erosketetan, kilometroko 142 gramokoa dela jakinarazi du. Kopurua, orain urte betekoarekin alderatuz, lehengoan dagoela nabarmendu du. Azken urteetan beherakada izan da, erosleek gero eta gehiago jo dutelako kutsadura txikia eragiten duten ibilgailuak erostera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.