C02aren biltegia arautzeko legea gaur sartuko da indarrean Espainian

Urdaibairen aldamenean eremu bat gordea du Espainiako Gobernuak, biltegi moduan erabiltzeko

Erredakzioa
Bilbo
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
CO2 biltegi geologiko bat ezartzeko aukera geroz eta gertuago dago. Izan ere, atzo argitaratu zuten Espainiako Aldizkari Ofizialean Karbono Dioxidoaren Biltegiratze Geologikorako Legea. Abenduaren 16an onartu zuten lege proiektua Espainiako Kongresuan, gehiengo osoz.

CO2a hartu eta biltzeko teknika oso berria da oraindik. Zehazki, teknika horren bidez egiten dena da industriak isuritako CO2a hartu, lur azpiko edo itsasoko biltegi batera garraiatu eta han gordeta eduki. Europako Batasunak jarduera horretarako zehazten dituen zuzentarauak hartu dituzte aintzat Espainiako legea egiteko.

CO2a biltegiratzea klima aldaketari aurre egiteko urratsen artean dago aurreikusita. Espainiak 2020rako %20 gutxitu behar ditu berotegi efektua eragiten duten gas isuriak. Hala, Espainiako Gobernuak egin dituen aurreikuspenen arabera, teknika horren bidez EBk exijitutakoa «betetzeko moduan» egongo dira; hau da, 2030erako isuriak %15 gutxitzeko moduan.

Hamaika toki gordeta

2008an Espainiako Gobernuak hamaika eremu gorde zituen Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan eta Espainian etorkizunean balizko CO2 biltegiak egiteko. Horietako bat Bizkaiko kostaldean dago: Lagako hondartzatik kilometro eta erdi eskasera, eta Lekeitiotik bost kilometro eta erdira. 270 kilometro koadroko itsas eremua gordeta dauka han Industria Ministerioak. Biltegia itsas plataforman egongo litzateke, mila metroko sakoneran. Ondoan, Urdaibaiko biosferaren erreserba dago, Euskal Herrian dauden sistemarik aberatsetako bat.

Legeak zehazten duenez, CO2 biltegiak 30 urterako baimena izango du, eta epe hori bi alditan luza daiteke, beste hamar urtez.

Ehun kilotona gordetzeko gaitasuna baino txikiagoa duten biltegietan legeak espresuki debekatu egiten du biltegia helburu zientifikoetarako erabiltzea. Hori egiten bada, bost milioi euro arteko isunak aurreikusten ditu legeak. Ikerketak egiteko baimena Espainiako Industria Ministerioak emango du. Isuri edo irregulartasun kasuetan ere isunak jarriko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.