Francisco Caamaño Espainiako Gobernuko Justizia ministroak alderdi politikoei eta, bereziki, PPri eskatu die Faisan auzia politikoki ez erabiltzeko. Auzi hori dela eta, Espainiako Gobernuari egiten zaizkion kritikak salatu ditu Caamañok. Haren ustez, auzitegien erabakiak kritikatu daitezke, baina nabarmendu du kritika horiek ez direla «helburu politikoekin» nahastu behar.
2006an Espainiako zenbait poliziak ETAri bere aurkako operazio baten berri eman ote zioten ikertzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala, Faisan auzia deituriko kasuan. Auzia artxibatzeko eskatu zuen Fiskaltzak iazko urrian, baina Pablo Ruz epaileak auziarekin jarraitzea erabaki zuen herenegun. Epailearen erabakia txalotu dute PPk, Dignidad y Justicia elkarteak eta SUP Espainiako polizien sindikatuak.
«Gaur egungo testuinguruan» horrelako erabaki bat hartu izana nabarmendu du Leopoldo Barreda EAEko PPko eledunak. «Bere garaian ETA garaitzeko lagungarri izan ez ziren jarduteko moduak ikertzea oso garrantzitsua da», adierazi du.
Barredaren ustez, salatutako gertakaria izan zen garaian Espainiako Gobernua eta ETA «negoziazio prozesu batean» ziren. Ustez abisua eman zuten polizien jarreran horrek nola eragin zuen ikertu behar dela dio. «Soilik egia osoa jakinda lortuko dugu negoziazioaren jokalekura ez itzultzea. Legez kanpoko jarduteko moduen bitartez ez dugu ETA garaituko», adierazi du.
ETAren aurkako borrokan Espainiako segurtasun indarrek egiten duten lana nabarmendu du SUP Espainiako polizien sindikatuko bozeramaile Jose Maria Benitok. «Batzuen jarduteko modu partikularragatik ezin dugu egindako lana lausotu». Benitok uste du polizia horiek «helburu politikoak zituzten beste batzuen aginduetara» aritu zirela.
Horren harira, DJ elkarteak eskatu du ustezko abisua emateko erabili ziren telefonoen jabeak identifikatzeko. DJren arabera, Barne Ministerioko idazkaritzaordearenak dira telefono horiek.
Epaileak hartutako erabakiaren bitartez, instrukzio prozedura sumario bihurtu du Auzitegi Nazionalak. Ruzek delitu zantzuak daudela berretsi du, eta sei eginbide gehiago egiteko agindu du. ETAri informazioa ustez pasatu zioten poliziei sekretuak agerraraztea eta «elkarte terroristari laguntzea» leporatzen die epaileak. ETArekin ustez egindako informazio trukea 2006ko maiatzaren 4an izan zen Irungo Faisan ostatuan (Gipuzkoa).
Caamañok dio 'Faisan auzia' politikoki erabiltzen dela
«Gaur egungo testuinguruan» epaileak auziarekin jarraitzea erabaki izana txalotu du PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu