Batzorde bat osatzearen aurka azaldu diren taldeen arabera, legebiltzarrean ikerketa batzorde bat osatzea ez da beharrezkoa, auzia epaitegietan ikertzen ari direla argudiatuta. Halaber, EH Bilduri egotzi diote Ertzaintza "higatu eta deslegitimatu" nahi izatea ekimen horrekin.
Maiatzean izan ziren legebiltzarrean Manuel Cabacas eta Josefina Lizeranzu, Iñigo Cabacas zenaren gurasoak, eta ikerketa batzorde bat osatzeko eskatu zuten bertan.
EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak azaldu du Cabacasen senideen eskaria aintzat hartu duela, argudiatuta legebiltzarrean ez badira ikertzen gertatutakoaren ardura politikoak "inon" ez direla ikertuko. Halaber, ikerketa judiziala eta parlamentarioa osagarriak direla gaineratu du. Arzuagaren ustez, legebiltzarreko batzordearen zeregina izan behar zen gertakarien egunean Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zen Rodolfo Aresek izandako ardura argitzea.
Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak, berriz, uste du batzorde batek ezingo lukeela auzia epaitegi baten objektibotasun berberarekin aztertu, "gehiengoen eta gutxiengoen jokoak eta alderdikeriek" baldintzatuko luketelako. "Egia, justizia eta erreparazioa behar dira, baina ez aurreiritziak edo zarata mediatikoa", erantsi du.
Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkideak auzitan jarri du koalizioak "egia bilatzeko" duen nahia. "Zarata mediatikoa, abantaila politikoa eta manipulazioa" bilatu nahi izatea egotzi dio EH Bilduri. Cabacasen senideei eskatu die konfiantza izateko bide judizialean.
Nerea Llanos PPkoak, berriz, esan du ezin direla "epaiketa paraleloak" egin Eusko Legebiltzarrean: "Ezin da politika egin hain gai mingarriarekin". Gorka Maneirok (UPD) uste du ez zela "asmo txarrik" egon Ertzaintzaren jardunean, eta gertatutakoa "gertaera dramatikoen multzoa" izan zela gaineratu du. Hala ere, azaldu du Poliziaren jarduna hobetu daitekeela.
Gertakariak
2012ko apirilaren 5ean hil zen Cabacas, Athleticen partida baten ostean, Ertzaintzaren gomazko pilota batek jota, Bilboko Indautxu auzoan. Ekainean, PSE-EE, PP eta UPDren botoekin legebiltzarrak baztertu egin zuen ardurak eskatzea, "prozedura judiziala amaitu bitartean". EAJk eta EAk eskatu zuten ardura zutenek zegokien ardura hori hartzea.
PSE-EEk emendakin bat aurkeztu zuen orduan; PPren eta UPDren laguntzarekin atera zuen aurrera, eta Justiziak ikerketa "independente eta zorrotz" bat bermatzen duela esan zuten. Hil honen 9an iritsi ziren aurreneko inputazioak: lau ertzain auzipetu zituen epaileak.
Gerora argitaratu dira, gainera, Cabacas hil zuten operazioan ertzainek elkarrekin izan dituzten elkarrizketak, eta horietan inolako motiborik gabe oldartu zirela entzuten da, Segurtasun Sailaren —Herrizaingo Saila zen orduan— bertsioa baliogabetuz.