Ertzain batek Cabacas gomazko pilota batekin hil zuenean, Buen zen Herrizaingo sailburuordea, eta, atzo ETB2ko Sin ir mas lejos saioan aitortu zuenez, dimisioa aurkeztu zuen, baina Rodolfo Ares orduko Herrizaingo sailburuak ez zion utzi. Iñigo Cabacasen familiak Miguel Buen, Jose Antonio Varela eta 40 ertzain Cabacas auzian inputatzeko eskaria egin eta bi egunera jakin da Buenen dimisioarena, telebista saioko parte hartzaile batek Cabacas auzian izandako jarrera aurpegiratu zionean. Kargua uzten saiatu zela baieztatu zuen, baina Aresek ez ziola utzi.
Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak baieztatu zuen ezin izango dela argitu zein ertzainek jaurti zuen Cabacas hil zuen gomazko pilota, eta, gehienez ere, operatiboaren arduradunen aurkakoa izan zitekeela akusazioa (Deustuko egoitzatik aginduak ematen ari zen ertzaina, kasurako). Cabacas hil ostean, sei ertzain kargutik kendu zituzten, eta beste zeregin batzuetan lan egingo zutela baieztatu —zeintzuetan izango zen argitu gabe—.
Iñigo Cabacas iazko apirilaren 9an hil zen, lau egun lehenago ertzain batek gomazko pilota batez buruan jota.