Zure argiak bizirik darrai lelopean egin dute elkarretaratzea Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean, tartean Iñigo Cabacas zenaren gurasoak zeudela. Athletic eta Schalke 04ren partida baten ostean Ertzaintzak eginiko oldarraldian jo zioten pilotakada buruan Cabacasi. "Ospakizun eguna izan behar zena odolez zikindu zuten", adierazi dute elkarretaratzean irakurritako oharrean.
Asteazkenean, berriz, BBVAn Iñigo Cabacasen lankide zirenek giza katea egin zuten Bilbon, justizia eske. Han izan ziren Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hildako gaztearen gurasoak ere. Bilboko auzitegietatik eta EAJren eta PSEren egoitzetatik igaro zen mobilizazioa, haien ardura gogora ekartzeko. Amaieran, "aurpegia emateko" eskatu zioten Herrizaingo sailburu ohi Rodolfo Aresi.
2012ko apirilaren 5ean ertzain batek jaurtitako pilotakada batek buruan jo zuen Cabacas. Handik lau egunera hil zen.