Joan den astean, Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek esan zuen libre geratu diren presoen omenaldirik ez zatekeela egingo Euskal Autonomia Erkidegoan segurtasunaren eskumena Guardia Zibilarena edo Espainiako Poliziarena izango balitz.
Hitz horiek kritikatu ditu gaur Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean; "oso larritzat" jo ditu Fernandez Diazen hitzak, Ertzaintzari eginiko kritikaren bidez Jaurlaritzari "eraso" egin ziolakoan.
"Ertzaintzari eraso egitea Eusko Jaurlaritzari eraso egitea da. Ministroak barkamena eskatu zuen, baina, nire ustez, hitzak neurtu behar ditugu halakoetan, litekeena baita su gehiago pizten aritzea", azaldu du. Beltran de Herediak gaineratu du Madrilen eginbeharra dela "normalizazioaren, bakearen eta elkarbizitzaren alde lan egitea".
Halaber, kale erasoak "gainditzera" deitu du Beltran de Herediak. Esan du eraso horiek "nolabait, apur bat ahaztuta" zeudela; haren ustez, "halako egoerek ez dute laguntzen elkarbizitzan".
Epai "paraleloak"
Iñigo Cabacasen auziaren inguruko azken berrien inguruan ere jardun du Beltran de Herediak. Ohartarazi du Jorge Aldekoa, Cabacas hil zen operatiboko arduraduna, ez dutela deklaratzera deitu "ezta lekuko gisa ere", eta haren "profesionaltasuna, esperientzia eta ezagutza" nabarmendu ditu.
Halaber, EH Bilduri egotzi dio "epai paralekoak" egitea, eta galdetu du ea helburua "Ertzaintzari, Jaurlaritzari edo [Cabacasen] familiari min egitea" den: "Nik jakin nahiko nuke zer den bilatzen dena. Zein den azken asmoa".