Eurek eskatuta, Iñigo Cabacasen guraso Manuel Cabacas eta Josefina Lizeranzuk Eusko Legebiltzarrean hitz egin dute, Segurtasun eta Justizia Batzordean. Ondoren, legebiltzarkideek hartu dute hitza.
Lehenengo, Goirizelaiak hitz egin du; Ertzaintzak ekintza guztiak grabatzearen inguruan esan du: ”Barelak esan zuen zazpi kamera jartzeko baimena eman zuela, baina grabazioak ez daude. Jakin nahi dugu horiek non dauden eta zer egin den haiekin". Abokatuak eskatzen du prozedura judiziala ez hartzea aitzakiatzat, gertatutakoa argitzeko. Eta ziurtatu du legebiltzarkideen parte hartzea ezinbestekoa dela gertatutako guztia argitzeko.
"Asko pozten gara hemen gauden pertsona guztiok hiru gauza partekatzen ditugula ikusten dugulako". Eskatzea kasua sakonean ikertu behar dela, justizia egin behar dela eta polizia ereduan eraldaketak behar direla, Iñigori gertatutakoa oroitzapen bat baino gehiago izan dadin."Senideek mina sentitu dute, mina bihotzean, azaltzen saiatu zirelako azaldu ezin dena. Indarkeria egon zela esan zuten, gauzak modu batera izan zirela, ez zela pilotakadarik izan", adierazi du abokatuak. "80 pertsonak baino gehiagok hitz egin dute han gertatutakoaz. Inplikatuta ez dauden ertzain batzuek ere bai, eta horrekin guztiarekin nahiko argi daukagu gertatu zena. Ikerketa mantsoegi doala? Iñigoren senideentzat seguru baietz, baina nahiago dugu horrela izatea, ongi egitea", azaldu du.
”Nork eta zergatik aldatu zuten protokoloa? Segurtasun distantzia ez zen errespetatu, adibidez. Zergatik, ertzainek ez zuten identifikaziorik? Agindu zehatzik zegoen arriskutsutzat jotzen diren lekuetan?”, galdetu du Goirizelaiak. ”Iñigoren aitak esan dit etortzerakoan agian eskaera bat egin zezakeela: batzorde bat sortzea kasu honetarako, gertaerak argitzeko”. Hala amaitu du agerraldia Goirizelaiak.
Horren ostean Manuel Cabacasek hartu du hitza. Jendeak galdetu omen dio ezker abertzaleko abokatu bat hartzearen arrazoia zein izan den, eta kasualitate hutsa izan zela ziurtatu du. ”Oso bakarrik sentitu ginen gure semea hil zenean. Instituzioek abandonatu gintuzten, inor ez zitzaigun gerturatu. Eliza soilik, eta Athleticeko eta Realeko zuzendaritzakoak ere bai”. Rodolfo Aresen "engainua" komentatu du. "Esan zigun familiarekin ahal zuen guztia kolaboratuko zuela, eta desagertu egin zen erabat. Ez zen gehiago gurekin egon. Hedabideen bidez ikusten genuen, gezurrak esaten".
"Han ez zegoen ETArik, ez kale borrokarik. Gorroto pilatua besterik ez zen han gertatutakoa. Ez dut ulertzen”, adierazi du Manuel Cabacasek. "Ez zaigu ongi edo gaizki iruditzen bost ertzainak kentzea, ez baitituzte kendu; lekuz aldatu dituzte, besterik ez”. Prozesuan egon zen lehen fiskala ere zergatik aldatu zuten galdegin du.
Batzordeak, Poliziari dagokionez, eraldaketarik egon daitekeen pentsatu behar duela uste du Manuel Cabacasek. ”Nire semearen heriotzaren ondoren, ez da bidezkoa pilota horiek erabiltzen jarraitzea, Europan debekatuta egonda”. Erantzuleen barkamena nahi du Cabacasek, eta nolabait, gertatutakoaren ordaina nahi du, "hori ezinezkoa bada ere". Kontseilariari erantzun dio, ezker abertzalea bere semaren heriotzaren auziarekin nahastu duela eta. "Nik laguntza behar dut auzia konpontzeko, denon laguntza, inor kanpoan utzi gabe".
Josefina Lizeranzu Iñigoren ama hasi da jarraian hizketan. "Nire semea bost metrora hil zuten, atzetik. Neska bat babesten ari zen. Mutil hori, ez zela bere laguna ere, nola sentituko zen bera? Nahita egindako hilketa izan zen. Esan nahi dizuet: nire semeak, ospitalean, odol malkoak zituela, belarrietatik odola ateratzen zitzaion. Gure kasuan jarri. Kasua argitu nahi dugu. Askoz gehiago izan zitezkeen. Humanitate pixka bat eskatzen dut".
Gertakariak
2012ko apirilaren 5ean hil zen Cabacas, Athleticen partida baten ostean, Ertzaintzaren gomazko pilota batek jota, Bilboko Indautxu auzoan. Ekainean PSE-EE, PP eta UPDren botoekin legebiltzarrak baztertu egin zuen ardurak eskatzea, "prozedura judiziala amaitu bitartean". EAJk eta EAk eskatu zuten ardura zutenek zegokien ardura hori hartzea.
PSE-EEk emendakin bat aurkeztu zuen orduan; PPren eta UPDren laguntzarekin atera zuen aurrera, eta Justiziak ikerketa "independente eta zorrotz" bat bermatzen duela esan zuten. Urtebetera, ordea, oraindik ez dago inor inputatuta. Apirilean, heriotzaren urteurrenean, oraindik operazio horretan parte hartu zuten ertzain guztiak deklaratu gabe zeuden.
Gerora argitaratu dira, gainera, Cabacas hil zuten operazioan ertzainek elkarrekin izan dituzten elkarrizketak, eta horietan inolako motiborik gabe oldartu zirela entzuten da, Segurtasun Sailaren (Herrizaingo Saila zen orduan) bertsioa baliogabetuz.