Nafarroako Parlamentuko Bizikidetza eta Elkartasun batzordeak atzera bota du Iñigo Cabacasen heriotza gaitzesten duen mozioa, UPNren eta PPren aurkako botoekin eta PSNren abstentzioarekin. NaBaik, Bilduk eta Ezkerrak mozioaren alde egin dute. NaBaik, aurkeztutako adierazpenean, Cabacasen heriotza deitoratzen du, parlamentuaren elkartasuna adierazten die hildakoaren senide eta lagunei, eta Ertzaintzaren jarrera salatzen du.
Bestalde, mozioaren beste puntu batean polizien segurtasun teknologien erabilera eta ekoizpena "erregulatzeko" eskatzen da, nazioarteko giza eskubideen araudietan oinarrituz. Ildo horretan, gomazko pilotak eta istiluen aurkako bestelako material batzuk "behin betiko debekatzea" jasotzen du adierazpenak.
Era berean, Poliziak "arma hilgarri" bat erabili duen kasuetan eta poliziaren ekintzen ondorioz heriotza edo zauri larriak jazo direnean gertaera horiek aztertuko dituzten mekanismo independenteak sortzea eskatzen du testuak, gero ikerketaren emaitzak justiziaren eskuetan uzteko asmoz.
Atzera bota duen mozio horretan, Poliziari istiluen aurkako prestakuntza egokia ematea ere adierazten da, indarraren erabilera "egoera kontrolpean hartzeko behar den gutxienekoa izan dadin" eta Poliziaren esku hartzea "legezkoa, beharrezkoa eta proportzionala" izango dela bermatzeko.
Iñigo Cabacas apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak gomazko pilota batekin emandako kolpearen ondorioz.