"Erabateko eskumena" du Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak Iñigo Cabacas zenaren heriotza ikertzeko, eta hori "bateragarria" da auzitegien ikerketarekin, Iñigo Lamarca arartekoaren esanetan. Azaldu duenez, justizia auzitegiek argitu behar dute zein zigor erantzukizun duten gomazko pilotak botatzeko eskopetak erabili zituztenek Cabacas pilotakada batez jo zuten egunean; berak zuzendutako erakundeak, berriz, aztertu behar du administrazioak "zuzen" jokatu ote duen.
Onda Vascan egin diote elkarrizketa Lamarcari. Arartekoak defendatu du txosten "oso landu" bat egin duela 'Cabacas auziaz', eta jurisprudentzia "sendo" batean oinarritu dela. Halaber, ohartarazi du txosten horren ondorioek bat egiten dutela besteak beste Amnesty International erakundeak indarkeriaren erabilerari buruz eginiko aholkuekin.