Iñigo Cabacasen heriotza inflexio puntu bat izan da Ertzaintzaren jardueran, eta hura hobetzeko neurriak hartzera bultzatu du polizia autonomikoa, Estefania Beltran de Herendia Jaurlaritzako Segurtasun saiburuaren esanetan. Beltran de Herediaren esanetan, ezbeharrak "eredu aldaketa" behartu zuen Ertzaintzan. Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean egin ditu adierazpenok sailburuak, gaur.
Berak kargua hartu zuenerako, hainbat aldaketa abian zirela azaldu du sailburuak, eta bere agintean "aldaketa sakonagoak" egin zirela gaineratu du. Horien artean aipatu ditu Brigada Mugikorreko polizia kopurua bikoiztea, agintaritza unitate bakarra ezartzea, foam pilota jaurtigailu berriak erostea edo aurrez-aurrekorako equipamendua eskuratzea.
Beltran de Herediaren esanetan, bada neurri bat Ertzaintzan izan den aldaketaren adierazgarri garbiena dena: "2012tik ez du gomazko pilota gehiago jaurti, baina harrikadak jasotzen jarraitu du". Segurtasun sailburua salatu du Ertzaintzak "indarkeria egoeretan" erabiltzen zituen jokamoldeak baztertu dituen arren, ezker abertzaleak ez duela ibilbide hori egin. "Mamu zaharrak" baztertzera deitu du.
Horrez gain, Cabacas auzia politikoki erabiltzea leporatu dio EH Bilduri. Kritika horrekin bat egin dute EAJko, PSE-EEko eta PPko ordezkariek ere.
EH Bilduko Julen Arzuagak sailburuari erantzun dio Cabacas auziko epaia ez duela EH Bilduk eman, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak baizik, eta ebazpena "suntsitzailea eta eztabaidaezina" dela ziurtatu du. Arzuagaren esanetan, epaiak guztiz ezeztatu du Segurtasun sailaren orain arteko jarrera.
Arzuagak gogorarazi du, epaiak jasotzen duenez, Justiziak ezin izan dituela Cabacasen heriotzaren erantzukizunak argitu Ertzaintzak gertatutakoa ez zuelako behar bezala ikertu. Hori dela eta, Ertzaintzaren jokaerak "zigorgabetasuna" ahalbidetu duela salatu du Arzuagak. Horrez gain, ohartarazi du epaiaren arabera ertzainek gertakarien gaineko bertsio okerrak landu zituztela beren ardurak estaltzeko. EH Bilduko ordezkariak sailburuari leporatu dio agintean daramatzan sei urteetan "zigorgabetasun estrategia" bultzatzea. "Zure esku zegoen guztia egin duzu bai, baina zigorgabetasuna bermatu eta ardurak estaltzeko". Hori dela eta, dagokion erantzukizun politikoa bere gain hartzeko eskatu dio koalizioak.
Elkarrekin Podemoseko Edurne Garciaren iritziz ere "oso kezkagarria" da Ertzaintzak bere "akatsak" ez ikertu izana, Cabacasen heriotza eragin zuen operatiboaren ondoren.
Cabacasen gurasoak, legebiltzarrera
Manu Cabacas eta Fina Lizerantzu Iñigo Cabacasen gurasoek agerraldia egin dute Segurtasun batzordearen ostean. Minduta agertu dira Beltran de Herediaren hitzekin. Iragarri dutenez, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egiteko eskaria egingo dute, inork auziaren erabilera politikoa salatu ez dezan. Batzordean entzun dituzten "gezurrak" "aurrez-aurre" entzun nahi dituztela adierazi dute.
Legebiltzar barruan batzordea egiten ari ziren bitartean, kanpoan Iñigo Cabacasentzako "justizia" eskatu dute elkarretaratze batekin.