Iñigo Cabacas gaztea gogoratu eta justizia eskatzeko jendetza batu da gaur arratsaldean Bilbon, Jesusen Bihotzean. 18:25 inguruan abiatu da martxa Bilboko kaleetara; aurretik, Cabacasen gurasoek adierazpenak egin dituzte. Bereziki minduta agertu dira Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esandakoekin, ez baitzuten halakorik espero. Hark atzo "istriputzat" jo zuen Cabacasen heriotza.
Manu Cabacas Iñigoren aitak adierazi du Jaurlaritzak "zerbait" egitea espero zutela, baina Segurtasun Sailarekin "desilusionatuta" agertu da.
Herriak ez du barkatuko eta Ez zen istripua izan oihuak entzun dira manifestazioa hastean.
Aste osoan askotariko ekitaldiak prestatu dituzte Iñigo Cabacas gogoratzeko: dokumental baten aurkezpena, elkarretaratzeak, polizia ereduaren gaineko mahai inguru bat... Urtebete da Cabacasen heriotzatik; autopsiak baieztatu zuen ertzainen pilotakada batek hil zuela.