Ertzaintzak Erandion (Bizkaia) duen egoitzan eman ditu jakitera Segurtasun Sailak Ertzaintzako agintari berrien izenak. Jorge Aldekoa izango da Ertzaintzako buru berria, Iñigo Cabacas hilik suertatu zen operazioko arduradun nagusia. Erabaki polemikoa ez ote den galdetuta, Segurtasun Saileko arduradunek esan dute ez zaiela inolaz ere "polemikoa" iruditzen, Aldekoak ez duelako Cabacasen heriotzean "erantzukizunik".
Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun saiburua, Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordea, Iñaki Gurtubai Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendaria izan dira aurkezpenean.
'Ugarteko'-ren kontrako kanpaina
"Daukazuen guztia erabili". Ertzaintzak polemikagai izan den agindu hori eman aurretik jaso zuen pilotakada Iñigo Cabacasek, Jone Goirizelaiak jarritako helegiteari Jaurlaritzak erantzuten dionez. SOS Deiak 2011ko apirilaren 5eko 23.40.31ean gazte bat zaurituta lurrera erori zela esanez jaso zuen gizon baten dei bat, eta ertzainak esaldi hori 23.40.33an egin zuen, zehazki bi segundo geroago, El Correo egunkariak jakinarazi duenez. Horrek aginduaren eta ondorioen arteko harremana "bertan behera" uzten duela dio alegazioetan.
Idatzi berean salatzen du Ugarteko hainbat komunikabideren kanpainaren "biktima" izaten ari dela, "testuingurutik kanpo lerraturiko informazioa" ematen ari direlako. "Daukazuen guztia erabili". Esaldi hori Gara egunkariak eman zuen jakitera, eta barne elkarrizketok publiko egitearen ondorioz lau ertzain komisariako lanpostutik kendu eta administrazio lanak egiten jarri dituzte. Goirizelaiak ertzain burua inputatzeko eskatu zuen, "agindua eman izan ez balu Iñigo ez litzatekeelako hilko".