2012ko apirilean hil zuen ertzain batek Iñigo Cabacas Athleticeko zalea, Bilboko Kirruli tabernan pilotakada bat jaurti eta Cabacasi buruan emanda. Gaur batzartu da auzia daraman Bizkaiko Auzitegiko aretoa, eta epaitegi aurrean protesta egin dute dozenaka lagunek.
Zehazki, Cabacasen senideek apirilean aurkeztutako helegitea zuen gaur aztergai auzitegiak. Froga berriak aurkeztu zituen orduan senideen abokatu Jone Goirizelaiak, baina senideek salatu dute bost hilabeteotan ez dela "ezer" egin gertatutakoa argitzeko. Hilabete baino ez da falta instruzkio epea amaitzeko.
Manu Cabacas Iñigo zenaren aitak kazka azaldu du: "Behin froga baztertuta, prozedura artxibatuko dute". Eskatutako froga "oso garrantzitsutzat" jo du auzia argitzeko, eta erakunde publikoei nahiz justizia administrazioari eskatu die "egon daitezkeen bestelako interesak" alde batera uzteko eta "Iñigorentzat justizia egiteko aukera igarotzen" ez uzteko: "Iñigoren guraso gisa hautsita gaude, ezin dugu ulertu Poliziak XXI. mendean pertsona bat hiltzea Athleticen partida baten ostean, eta hori ez ikertu nahi izatea. Ez ditugu zigorgabetasunaren arrazoiak ulertzen".