MEMORIA

Cabacasi biktima izaera aitortzea "gizatasun keinua" da Eusko Jaurlaritzarentzat

Giza Eskubideak Urratzearen inguruko Udal Erretratuetan sartu zuten Iñigo Cabacas uztailean, Aitor Zabaletarekin batera, eta kexu agertu ziren Ertzaintzako zenbait sindikatu. Sindikatu guztiekin bildu da asteartean, eta erabakia argudiatu du.

Iñigo Cabacasen auzia salatzeko manifestazioa egin zuten apirilean Bilbon. Irudia, Cabacas zenaren aita. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Maialen Unanue
2016ko abuztuaren 31
09:08
Entzun

Iñigo Cabacas Giza Eskubideak Urratzearen inguruko Udal Erretratuetan sartzea haren familiarekiko "gizatasun keinua" dela argudiatu du Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzako sindikatuen aurrean, eta horrek ez diola Ertzaintzari inolako errurik egozten: "Aitzitik, argitzeko dagoen ikerketa bat jasotzen du. Sufrimendu neurrigabea bizi duen sendiarekiko gizatasun, enpatia eta integrazio keinua da".

Esan, Euspel eta Sipe Cabacas programa horren barruan sartzearen aurka agertu ziren, Ertzaintzari "irain egitea" litzatekeela usteta. Erne sindikatuak adierazi du Jaurlaritzaren azalpena "eskasa" iruditu zaiola: "[Estefania] Beltran de Herediak eta [Jonan] Fernandezek azalpen eskasa eman dute, eta garbi utzi dute beraiena anbiguotasuna dela, haiek gai sensible gisa dituzten edozein gairen inguruan".

Erneren ustez, ikertuak izaten ari diren ertzainen errugabetasun printzipioa urratzen ari dira. "Ikusi dugu, txosten partzial eta lerratu batean, torturatu egiten duen Polizia gisa jarri gaituztela, eta kasu batean ere ez dute kontrastatu Ertzaintzan edo epaitegietan salatutako gertakariekin".

Esanek eta Euspelek, elkarrekin igorritako ohar batean, nabarmendu dute Jaurlaritzak aurkeztu duen Ertzaintzak egindako bakearen eta elkarbizitzaren aldeko ekarpena "positiboa" dela, baina "gaizki eta berandu" heldu dela. Bi sindikatuek adierazi dute ez dutela ulertzen eta ez daudela ados Cabacasen kasua bizitzarako eskubidearen urraketaz diharduen edozein dokumentu ofizialetan sartzearekin. Gainera, kritikatu dute erretratuak osatzeko ETAren biktima izan diren "ertzain asko" ez direla deituak izan, eta Eusko Jaurlaritza sustatzen ari den torturen inguruko dokumentazio guztia ez datorrela errealitatearekin bat, "inoiz ez baita frogatu Ertzaintzari egotzitako tortura kasurik".

Segurtasun Sailak eta Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak Ertzaintzaren sindikatuekin egindako bileran eman ditu argudio horiek Jaurlaritzak. Bake eta Bizikidetza Planaren barruan egindako urratsen inguruko "zuzeneko informazioa ematea" eta "Ertzaintzaren eginkizunaren balioa nabarmentzen duten lau oinarriak" aurkeztea zen bileraren helburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.