iñigo cabacasen heriotza

Cabacasi omenaldia San Mamesen nahiz kanpoan

Milaka lagun bildu ziren atzo Bilbon Plaza Eliptikotik San Mames futbol zelairaino egin zuten manifestazio isilera. Futbol zelaiaren barruan, isiltasunarekin eta txaloekin omendu zuten Iñigo Cabacas. Fernando Llorentek Athleticen gola eskaini zion. Datorren larunbaterako manifestazio nazionala antolatu dute Bilbon, 17:30ean.

2012ko apirilaren 16a
14:04
Entzun

Omenaldi jendetsua egin zioten atzo Iñigo Cabacas zenari Bilbon. 16:30ak aldera milaka lagun elkartu ziren Plaza Eliptikoaren inguruan, San Mames futbol zelaira bidean Cabacas gogoratzeko eta justizia eskatzeko manifestazio isilera. Futbol zelaira iritsi ondoren, Cabacas zelaira sartzen zen atearen aurrean omenaldia egin zioten.

San Mames barruan, berriz, Cabacas gogoratzeko pankarta eta xingolak zituzten bandera ugari atera zituzten. Minutu bateko isilunea egin zuten partidaren aurretik, eta ondoren, partidaren zati bakoitzeko lehen 9 minutu isiltasunean eman zituzten zaletuek. Hamargarren minutuan txalo zaparrada entzun zen.

Fernando Llorentek sartu zuen gola hari eskaini zion. Iñigo gogoan zaitugu leloa zeraman kamiseta erakutsi zuen.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur SER irrati katean emandako elkarrizketan azaldu du Cabacasen heriotzarekin "berebiziko pena" hartu duela, eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren hitzak hartu ditu gogoan: "Aresek esan zuen ikerketa amaitzen zenean, bidezko erantzukizunak hartuko zirela".

Larunbatean manifestazioa izango da

Indarkeria poliziala stop! lelopean "nazio" manifestaziora deitu dute Euskal Herriko herri mugimenduko hainbat eragilek. Datorren larunbatean izango da, Bilbon (Maria Diaz de Haro kalea, 17:30). Cabacasen heriotza salatu dute —Ertzaintzaren pilotakada batez zendu zen—, eta "erantzukizun politiko eta zibilak" exijitu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.