Ikasturte politikoaren hasiera. Hauteskundeei begira

Cabieces: «PSOEk ez du onartuko EAJren egitasmoa»

PPk eta PSE-EEk uste dute jeltzaleek Bildurekin duten lehiaren ondorio dela EAJren proposamena

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariaren irudiko, EAJk egindako proposamenak «hauteskunde irizpide hutsei» erantzuten die. Asteon PSOEketa PPk hitzartu egin dute Konstituzioak defizit publikoa mugatzeko beharra aipatzea. Bi alderdiok aspaldidanik Konstituzioa aldaketa oro saihestu dute, eta bat-batean, erreforma hori oso epe motzean aterako dute aurrera, herri galdeketarik egin gabe. Egoera horren aurrean, EAJk azkar batean erantzun eta Konstituzioak erabakitzeko eskubidea ere jaso ahal izatea proposatu du. Cabiecesek argi utzi du zein izango den bere alderdiaren erantzuna: «PSOEk ez du onartuko EAJren erreforma». Bere irudiko, hauteskundeak deitzeko hiru hilabete falta diren honetan, «ez du zentzurik» horrelako erreforma bat egitea.

Ezezkoa emateko arrazoiak aipatzeari ekin dio jarraian Cabiecesek. Bere ustez, PSOEk ez du horrelakorik onartuko, «munduko inongo herrialdek ez duelako autodeterminazioa konstituzioansartzen». Cabiecesek ez du ukatu, «gizarte demokratiko batean» independentzia defenditu daitekeela: « Dena den, independentzia defenditu nahi duenak Konstituzioa aldatzeko beharraz konbentzitu behar ditu espainiar guztiak, lurralde batek bereizteko duen eskubidea aitortua izan dadin. Bide hori dute, baina guztiak konbentzitu behar dituzte. Ez soilik euskal herritarrak, baizik eta Cadizekoak, A Coruñakoak...», zehaztu du. «Hori da PSOEk abertzaleei proposatzen dien bidea».

Jose Antonio Pastor PSE-EEko idazkari nagusiak, berriz, EAJren asmoen gaineko irakurketa egitera mugatu da. Bere ustez, jeltzaleek «izua» dute Bilduk eremu politikoa lapurtuko ote dion.«Horrek adierazten du nolabaiteko noraeza dagoela eta ez duela EAJk bere tokia topatzen». EAJren balizko noraezari egin dio erreferentzia: «Ez dakigu Ibarretxeren muturreko abertzaletasunerantz jo nahi duten edo eguneroko arazoen kudeaketan jarri nahi duten indarra».Pastorrek argi du jeltzaleek ondotxo dakitela proposamen hori ez doala inora.

Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak «bereziki arduragabetzat» jo du EAJren jarrera. Basagoitiren irudiko, PSOEk eta PPk finantza publikoeiegonkortasuna eman nahi dieten bitartean, EAJ «independentziarako jokoan dabil». Bere ustez, jarrera «berekoiena» azaldu du EAJk, eta gai hori politikoki profitatu nahi izatea egotzi dio. «Nahiz eta orain Bildurekin lehiatu beharra duen, lurralde honek zentzuzko jarrerak dituzten alderdiak behar ditu, krisiari aurre egiteko enplegua eta aberastasuna sortzeko buru-belarri jarriko diren alderdiak».

Interesak «soberan»

Ildo beretik, bi alderdien jarrerak alderatu ditu: «EAJk erabakitzeko eskubidea eta Euskadi Espainian nola uztartu bilatzen diharduen bitartean, PPk 150.000 langaberen lan egiteko erabaki eskubidea bilatzen du». Egungoa bezalako krisi garaian, «gezurrezkoak diren interesak soberan» daudela eta horren ordez, interes ekonomikoak eta orokorrak lehenetsi behar direla dio. «Argi dago Sabin Etxeko egungo buruzagiei bost axola zaiela euskal ekonomia». Horren ordez, Basagoitik gaineratu du jeltzaleak «bere seme politikoekin» duten lehian pentsatzen ari direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.