Yolanda Barcina peñetako izarra izanen da, beste behin ere. Oihal gehienetan ageri da, askotan Enrique Maia, Miguel Sanz eta Alvaro Mirandarekin batera. Txorizoak eta gutunazalak ere, franko. Iruñeko peñak ez dira Santiago Cerveraz eta CAN auziaz ahantzi, beraz. Dena den, badira beste gai batzuk ere: murrizketak, etxe kaleratzeak, ospitaleko otorduak, Espainiako monarkiaren ustelkeria... Gai lokalagoak ere ageri da, TAO, Biurdana institutuko masifikazioa eta udaltzaingo birtuala, besteak beste. Larunbatean aurkeztuko dituzte peñak jendaurrean, peñen egunean. 20:00etan aterako dira lehenbiziko aldiz 2013ko oihalak San Frantzisko plazara. Horretaz gainera, hainbat jarduera antolatu dituzte egun osorako.
Peñetako marrazkiekin batera, sanferminetako egitaraua aurkeztu du Peñen Federazioak. Julen Aldatzek esan duenez, ordutegiak zabaldu eginen ditu aurtengo eskaintzak. Besteak beste, zezenketen orduan jarduerak antolatu dituzte. Arratsaldero kontzertuak, dantzaldiak, bertsolariak eta beste izanen dira, egun bakoitzean peña batean. Gainera, erremonte txapelketa profesionala ere antolatu dute. Uharteko Euskal Jai frontoian jokatuko da lau egunez. Horretaz gainera, iaz egin zuten moduan, uztailaren 9an kalejira erraldoia eginen dute peñakide guziek batera. Elkarrekin abiatuko dira zezen plazara murrizketen aurkako martxan. Uztailaren 11n eta 12an, berriz, haurrentzako kalejirak izanen dira. Gainera, egunero Jarauta eta Estafeta kaleak zein San Frantzisko eta Nabarreria plazak girotuko dituzte.
Omenaldia
Iruñeko peñek omenaldia ere prestatu dute aurten. Zutabe bat paratuko dute Udaletxeko plazan entzierroan hildako korrikalarien omenez. Hesiko zutabeen erreplika egin dute, eta bertan peñetako armarriak gehitu dituzte, Meca eta Iruñekoarenarekin batera. Sanferminetan egonen da ikusgai, eta urte osoan gorde eginen dute. Hainbat peñatako kideen proposamenetik sortu da ekinbidea.
Bestalde, udalaren jarrera deitoratu egin dute. Esan dutenez, peña guziek ez dute diru laguntza bera jasotzen. Iruñeko Udalak peñak banatu egin nahi dituela salatu dute, eta denak berdin tratatzeko eskatu. Gora Iruñeak eskatutako baimenen esperoan direla ere esan dute, nahiz eta Enrique Maia alkateak lehiaketara aurkezteko esan. "Peñek ez dugu joko horretan parte hartuko, ezta onartuko ere", zehaztu du Aldatzek. Gainera, Runako eremua erabiltzeko baimenik ez bada ere, "modu batean edo bestean" egitarau herrikoiak aurrera eginen duela esan du.