Nafarroako Kutxaren auziari buruzko ikerketa batzordearen sorrerarekin kritiko agertu da Jose Javier Esparza UPNko presidentegaia. Auzia ikertzearen alde agertu da, baina uste du "epaileek eta fiskalek" dutela zeregin hori, eta halako "gai serioekin probetxua ateratzen ahalegintzen" direnak kritikatu ditu. Haren iritziz, "alarma soziala" eragin dezakete halako egitasmoek. Urtarrilean sortuko dute batzordea, PSNk hala eskatuta.
Esparzak Europa Press berri agentziari emandako elkarrizketan esan duenez, "CANen gaia artxibatuta dago"; hala ere, onartu du oraindik Auzitegi Nazionalak zabalik duela ikerketaren lerroren bat. Epaile eta fiskalekin "kolaboratzeko" prest agertu da.
CAN auziaz ez ezik, hauteskundeez ere mintzatu da Esparza. Nafarroan ez du ikusten Bilduk zuzendutako gobernurik: "Uste dut herritarrek ez diotela emango Bilduri lurralde honen gobernua erabakitzeko aukera". Horrez gain, adierazi du UPNk ez dituela alderdi politiko baten interesak nafarren interesen gainetik jarriko: "Akordioak lortzeko gai bagara, gai izango gara; eta gai ez bagara, beste batek aginduko du", esan du.