Iruñeko 3. Instrukzio epaitegiko epaile batek baztertu egin du Nafarroako Kutxako dieten gaineko ikerketa Espainiako Auzitegi Nazionalera eramatea.
Epaileak bere ebazpenean dioenez, "kopuru horien ordainketa eta kobratzea ez dira ustezko sozietate delitu; eroskeria izan daitezke". Epailearen arabera, eroskeria delitua ezin daiteke bereizi omisiozko prebarikazio delituarekin, eta, beraz, auzitegi horri dagokio gaia aztertzea.
Gainera, ustez senideei eta enpresei maileguak interes baxuagoan eman izanaren gaineko auzia ere ez da Auzitegi Nazionalera helduko.
Maiak dio dietak itzuli dituela
Enrique Maia Iruñeko alkateak gaur azaldu du itzuli duela Nafarroako Kutxako dietetan kobratutakoa, eta ziurtatu du ez duela dimisioa emango, oposizioko taldeek eskatu duten bezala. "Dimisioa emateko arrazoirik ez dago", esan du.
Maiaren arabera, ez daki zehazki alderdiek "zer eskatzen duten", gauza bat "gaitzestea" delako eta beste bat "dimisioa ematea".
Alkatearen dimisioa eskatuko dute NaBaik, PSNk, Bilduk, Aralarrek eta Ezkerrak, "CANen kudeaketari buruz publiko egin diren zenbait gertaerarengatik". Mozio bateratua eramango dute oposizioko taldeek biharko osoko bilkurara.