'CAN AUZIA'

CANeko erabaki garrantzitsu guztien erantzule egin du Nafarroako Gobernua Kontuz-ek

Parlamentuan agerraldia du gaur Nafarroako Kutxako bezeroen plataformak. Iragan larunbatean eginiko manifestazioaren arrakasta nabarmendu du elkarteak: "Parlamentuan hitz egin ez ezik entzun ere egin behar da".

Berria.info
2013ko otsailaren 6a
13:10
Entzun

Kontuz! Nafarroako Kutxako bezeroen plataformak agerraldia izan du gaur Nafarroako Parlamentuan, eta CAN auzia argitzeko ikerketa batzorde baten beharra nabarmendu du. Patxi Zamora elkarteko eledunak "gardentasuna eta ardurak argitzea" exijitu du eta orain arte UPNk eta PSNk izan duten jarrera gaitzetsi du: "Egiari beldurra diote eta zigorgabetasuna sutsu defenditu dute". Era berean, iraganean Nafarroako Kutxak hartutako erabaki guztien erantzule egin du Nafarroako Gobernua, exekutiboko kontseilariak administrazio kontseiluan esertzen zirelako.

Pablo Ibañez elkarteko abokatuak "harrigarritzat" jo du Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak esan izana CAN fundazioak kontrol publikoa izango duela, eta gaineratu du orain ezin dela "tabula rasa" egin. Gainera, PSNri kontuak eskatu dizkio: "Kongresuan ikerketa batzordearen alde bazaude, hemen zergatik ez?.

Oraindik argitu gabeko hainbat galdera egin ditu, gainera, Patxi Zamora Kontuz!-eko eledunak: "Non daude 1.000 milioi euroak? Zergatik kendu zituzten kontratazio sistematik oposizioak eta zer sistema erabili ziren? Inoiz Nafarroako Gobernuak zalantzan jarri al zuen Enrique Goñik gidatutako zuzendaritza taldearen proiektua? Administrazio kontseiluan ala kontrol batzordean jorratu al zen bulego nagusia alokatzeko erabakia eta zer irizpide erabili zen inbertsio hura oso bezero jakinei eskaintzeko? [Diru sari ilunak banatu ziren] Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorraren aktei buruzko informaziorik jaso al du gobernuak?".

Pablo Ibañez abokatuak adierazi du ere bai irainak eta kereila mehatxuak jaso dituztela Kontuz!-eko kideek. Agintari sozialista baten ahotik "kartzelara" joan beharko luketela entzun duela aipatu du. Orain arteko kereila guztiak ezerezean amaitu direla gogorarazi du.

Ibañezek ika-mika izan du UPNko Carlos Garcia Adanerorekin. Ibañezek honi aurpegiratu dio kereila jartzeko asmoa zuela eta hori "gezurra" dela esan dio UPNko eledunak: "Horretan gezurra esan baduzu, nola ez dugu zalantzan jarriko gainerako guztia?". Ibañezek barkamena eskatu du hainbat aldiz baina Nafarroako egunkari bat aipatuz, kereila jartzeko asmoa UPNk azaldu zuela errepikatu du.

Adanerok eremu horretara eraman nahi izan du bere saioa. Auzia behin epaitegietan dela, bere ustez, ez du zentzurik ikerketa batzorde batek. Bere ustez, Justizia ”objetiboa” da; Parlamentuko ikerketa batzordeak, berriz, ”subjektiboak”. Kontuz!-i interes politikoak izatea aurpegiratu dio. “UPN bezalako alderdien krimilinalizazioa" bilatzea egotzi die ere bai.

Bilduko parlamentari Maiorga Ramirezek gaitzetsi egin du Kontuz!-ekoek jasotako mehatxu eta irainak. Ikerketa batzordearen garrantzia azpimarratu du orain arte eskatutako informazio guztiari uko egin zaiolako. Eskaera horrekin bat egin dute Aralar-NaBaiko Txentxo Jimenezek eta Ezkerrako Jose Miguel Nuinek. Jimenezen hitzetan, sistema politikoa bera dago jokoan, eta egiazko gardentasun ariketa egin beharra dago.

PSNko Juan Jose Lizarberen arabera, Nafarroako Kutxan gertatutakoaren “balorazio subjetiboa” egitea aurpegiratu dio Kontuz!-i. PSNren jarrera argitu nahi izan du. ”Nahi duenak nahi duen guztia” esatearen alde dago PSN uneotan. Ez gehiago. Barcinaren atzoko agerraldia ez dela nahikoa dio. Goñi ere hilaren 19an etorriko dela gogorarazi du eta Kontuen Ganbera txostena jorratzen ari dela.”Ezin da esan Parlamentua ezer egiten ari ez dela”, dio. ”Honek denak balio ez badu iritzi publikoan gardentasuna egoteko, ikerketa batzordea nahi denean eskatu daiteke”. Hala, PSNk etorkizunean aukera horri ateak ireki dizkio.

PPko Ana Beltran ikerketa batzorde bat osatzearen alde azaldu da. ”ahalik eta zorroztasun handienarekin”. Halaber, Kontuz!-i azalpenak eskatu dizkio. "Zergatik atzeratu duzue salaketaren aurkezpena? Zergatik orain eta lehenago ez? Gobernuaren ezegonkortasuna bilatzen duzue?”. Erlazio politiko ororekin hausteko eskatu die, ”sinesgarritasuna irabazteko”. Ibañezek erantzun dio "legezko elkartea" dela Kontuz!, eta bertan parte hartzera dei egin dio Beltrani, elkartearen aniztasun politikoa defendituz.

Geroa Baiko Manu Aierdi “erabat ados” azaldu da CANen gaineko erabateko gardentasunaren beharrarekin. Aierdiren arabera, “gauzak oso gaizki” egin dira. Bere ustez, erantzukizunen hiru esparru nagusi daude: Nafarroako Gobernua, CANen administrazio kontseiluak eta Enrique Goñi buru zuen zuzendaritza taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.