Caprabo supermerkatu katea erosi du Eroskik, kanpoan hedatzen jarraitzeko

Kataluniako enpresaren %75 eskuratu du; partaidetzaren %20 Caixak dauka, eta %5, jabe ohiek

2007ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Ez da apustu makala. Caprabo erosi du Eroskik. Kataluniako supermerkatu katearen %75 eskuratzeko akordioa dauka jabeekin, zuzen esanda. Kapitalaren %5 gordeko dute Bonet, Elias eta Carbo familiek, eta %20ari eutsiko dio Caixa aurrezki kutxak. Caprabo, baina, Eroski taldearen baitako bihurtuko da: 1.848 saltoki izatetik, 2.348 izatera pasatuko da, fakturazioak gutxi gorabehera 2.000 milioi eurotan egingo du gora, eta orain baino 15.000 langile gehiago batuko ditu -47.000 langile pasatxo, denera-.

Caprabori esker Eroski indartsuago izango dela nabarmendu dute konpainiako arduradunek. Behin lehia bermatzeko erakundeen oniritzia jasota, talde jaioberria buru izango da bai Euskal Herrian bai Espainian. Caprabok batez ere Katalunian eta Madrilen ditu supermerkatuak. Nafarroan ere baditu saltoki batzuk. Denera, 514.000 metro koadro baino gehiagoko salmenta esparruak.



EZIN MULTINAZIONALEI AURRE EGIN. Horietan ateratzen dute bizimodua 15.000 langilek. Eroskik 32.632 ditu. Kideak asko eta asko. Eta Capraboko langileak ere kide bihurtu ahal izango dira. Antza, Capraboren jabe izateari utziko dioten familiek oso kontuan izan dute Eroski kooperatiba izatea. Kataluniako supermerkatu kateak galera handiak izan ditu azken urteetan -ez iaz, ordura arte zeuzkan gasolindegiak saldu zituelako-, eta multinazionalei aurre egin ezinik ibili da.

Egokitzapen plan ugari jarri dituzte abian Bonet, Elias eta Carbo familiek, baina Caprabo saltzea erabaki dute azkenean. Azaldu dute lanpostuen eta supermerkatu katearen iraupena ziurtatuta dagoela Eroskiren esku. Eta, euskal taldeko zuzendariengan uste osoa dutela erakusteko edo, jabetzaren %5 gorde dute.

Caixak ere Caprabon jarraituko du. Bartzelonan jaio zen supermerkatu katea, 1959an, eta hedapen handia dauka Katalunia osoan. Hedapen maila hori izan da, hain zuzen ere, Eroskiko buruen apustua eragin duen ezaugarri nagusietako bat. Katalunian bidea urratu guran zebilen euskal taldea aspalditik -bost supermerkatu besterik ez du une honetan-. Dinosol kateaz jabetzen saiatu zen urte hasieran. Alferrik, ordea. Aurre hartu zion Consumek. Caprabo erosita, berriz, plan estrategikoan aurrera egin du Eroskik. Ez du Caprabo zatika salduko eta gainbalioa poltsikoratuko.

Hazten segitzeko erosketa dela jakinarazi duEroskik. Lanak izan ditu supermerkatu kateaz jabetzeko. Euskal taldea ez ezik, Caprabo erosi guran zebiltzan Carrefour eta El Arbol ere, besteak beste. Mila milioi euro inguru pagatu ditu partaidetzaren %75arengatik. Dirutza da, baina Eroskik premiazkoa iritzi dio operazioari, Katalunian eta Espainian hedatzen jarraituko badu. Inoiz egin duen erosketa handiena da eta laster 2.300 saltoki baino gehiago izango ditu MCC talde barruko kooperatibak.



ZenBaKIa

5

Katalunian bost supermerkatu besterik ez dauka Eroski taldeak gaur-gaurkoz. Herrialde horretan hedatu guran dabil aspalditik, eta Caprabori esker eragin handia lortuko du. Madrilen ere supermerkatuak dauzka Caprabok, bestela ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.