Euskal presoak

Carlos Almorza eta Nagore Mujika presoak libre utzi dituzte

Espainiako Gobernuak Euskal Herrira hurbildu berri dituen presoetako bat da Almorza. Gaur egingo diete lehen harrera, Andoainen eta Deustuan hurrenez hurren.

2008ko abenduaren 19a
14:29
Entzun
Carlos Almorza Arrieta (Andoain, Gipuzkoa; 1959) presoa libre gelditu dela jakinarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. 1993ko maiatzaren 25ean atxilotu zuten Frantzian, ETAko kidea zelakoan, eta ordutik hango eta Espainiako espetxeetan eduki izan dute -besteak beste, Fresnesen, Fleuryn, Saint Maurren, Soto del Realen, Valdemoron, Puerton eta Villabonan-.

Frantzian jarri zioten zigorra bete ondoren, Espainiaratu egin zuten, eta Espainian ere epaitua eta zigortua izan zen.

Gaur egingo diote aurreneko harrera, Andoainen.

Espainiako Gobernuak oraintsu euskal preso batzuk Euskal Herrira gerturatu ditu, eta haietako bat da Almorza (Villabonakora eraman dute, Asturiasera). "Borroka armatutik aldendu direnak Euskal Herrira hurbildu nahi ditu Gobernuak", zioen duela egun batzuk El Mundo Espainiako egunkariak. Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko Barne ministroak onartu egin zuen presoak baliatzen dituztela ETAren aurka. Ehun preso ohik lehengo larunbatean salatu egin zuten jokabide hori, "presoen artean zatiketa" sustatu nahi izateagatik.

Nagore Mujika (Deustua, Bilbo) presoa ere askatu dute gaur. Valentzian zeukaten. 1996an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, ETArekin harremanetan izatea egotzita. Han sei urteko zigorra bete ondoren, Espainiaratu egin zuten; epaitu eta kartzelara bidali zuten.

Gaur bertan egingo diote lehen harrera, Deustuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.