Carlos Chivite (Cintruenigo, Nafarroa; 1956) PSNko idazkari nagusia hil da gaur 13:30ean Nafarroako erietxean, PSNk jakinarazi duenez. Bart okerrera egin du, eta garun heriotza egoeran egon da azkeneko orduetan.
Haren gorpua Cintruenigoko udaletxera eraman dute gaur arratsaldean, eta hil kapera jarri dute; 19:30ak arte egongo da zabalik. Jendeak Chiviteri udaletxean azkeneko agurra egiteko aukera bihar izango du, 11:00etatik 19:30ak bitartean. Hileta elizkizuna bihar izango da, 20:00etan, Cintruenigon, eta ondoren Tuteran (Nafarroa) erraustu egingo dute.
Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina bete-betean zela garuneko odol isuria izan zuen Chivitek, martxoaren 1ean Lizarran (Nafarroa), kanpainako ekitaldi baten ostean. Nafarroako Ospitaleko ZIU Zainketa Intentsiboko Unitatean ingresatu zuten.
Ibilbide luzea egin du PSNren barruan: Cintruenigo jaioterriko zinegotzi izan zen 1983tik 1987ra, eta alkate 1987tik 1995era. 1996ko hauteskundeetako Espainiako Kongresuko diputatu aulkia lortu zuen, eta Senatukoa 2000n, 2004an eta igor berri diren martxoaren 9ko hauteskundeetan. Hain justu, Chivite gaixorik zegoela eta hura Senatura itzuli bitartean UPNko hiru senatarietako bat bozketa guztietan abstenitu egingo zela iragarri zuen joan den astean alderdi erregionalistak, Chiviteren falta beren alde ez erabiltzeko.
Iazko udan oso garai tirabiratsuak bizi izan zituen Chivitek PSN barruan, PSOEko zuzendaritzak atzera bota baitzuen Nafarroako Sozialistek Nafarroa Bairekin eta NEBrekin lortutako akordioa, eta UPNren alde egitera behartu baitzituen. Chivitek onartu egin zuen Madrilen agindua, eta liskar handiak izan ziren alderdi barruan.
Heriotza
Carlos Chivite PSNko idazkari nagusia hil egin da
13:30ean zendu da, PSNk jakinarazi duenez. Garun heriotza egoeran egon da azkeneko orduetan. Chivitek garuneko odol isuria izan zuen martxoaren 1ean hauteskundeetako ekitaldi baten ondoren, eta harrezkero oso larri egon da Nafarroako Ospitaleko ZIUn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu