Nafarroako Ahal Dugu-ren egoera ahotan ibili dute gaur goizean Nafarroako parlamentariek. Parlamentuko txosten juridikoak bide eman dio Ahal Dugu-ren bozeramaile aldaketari, eta, beraz, Parlamentuko Mahaiak aldaketa egin du. Hemendik aurrera, Mikel Buil ez, Carlos Couso izanen da Ahal Dugu-ren bozeramailea. Fanny Carrillo izanen da bozeramailearen ondokoa, Tere Saezen tokia hartuta. Mahaiaren bileraren ondotik, Buil eta Saez elkarrekin agertu dira prentsa aurrean: "Agur esan nahi dugu bozeramaile gisa. Herritar Kontseiluak aukeratutako bozeramaileak hitzik gabe utzi dituzte; beraz, Ahal Dugu-k ez du hitzik ganbera honetan". Builtek esan duenez, ardurak hartu dituztenek ez dute Ahal Dugu ordezkatzen. Ez dute galderarik erantzun.
Alderdi guzien txanda bukatuta, Carlos Cousok hitza hartu du, atzean Laura Perez eta Ruben Belasko parlamentariak lagun zituela. "Lasaitasun mezua helarazi nahi dugu. Ez gaude akzio-erreakzio dinamika batean. Talde parlamentarioan inor ere ez dago sobran", esan du bere mintzaldiaren hasieran. "Ez da agurretarako tenorea inorentzat; izatekotan, berriz elkartzeko eta adiskidetzeko tenorea da". Hala, "eskua luzatu" die Buil eta Saezi, elkarlanean aritzeko.
Azalpenak ere eman ditu. Cousoren arabera, bozeramailea aldatzeko arrazoia Ahal Dugu-ren barne gatazkak izan dira. "Honela jokaturik, ziurtatu dugu ez dutela inor botako, alderdiaren programa politikoa beteko dela eta akordio programatikoaren inguruko konpromisoak beteko direla". Izan ere, bozeramailearen sinadura aski da parlamentari bat taldetik botatzeko. Gogoratu beharra dago Perez alderditik behin-behinean bota dutela, kode etikoa "larriki urratu" duelakoan. Builen hitzei erantzunez, Cousok dio 2015eko programa, akordio programatikoa eta Ahal Dugu-ren ordezkari direla.
Gainerako alderdiek ere hizpide izan dute Ahal Dugu-ren egoera. Geroa Baik, EH Bilduk eta Ezkerrak errespetua adierazi diote erabakiari, eta eskatu dute alderdiaren barne tirabirek ez diezaiotela eragin aldaketaren gobernuari. UPN eta PPk esan dute Ahal Dugu-ren egoera ez dela orekatua, eta, beraz, horrek desorekatu egiten duela Nafarroako Gobernua bera. PSNk barne arazoak konpontzeko eskatu dio Ahal Dugu-ri, hauteskundeetan babesa eman zioten 45.000 nafarrek ez dutelako merezi "ikuskizun hau".