Espainiako Gobernua

Carlos Urkijo: "Azken hauteskundeetan PPk 100.000 boto baino gehiago jaso zituen"

Espainiako Gobernuaren ordezkariak gutxietsi egin du larunbateko manifestazioa, eta EAJk hanka sartu duela uste du. 

Carlos Iturgaitz eta Carlos Urkijo. ARGAZKI PRESS
2014ko urtarrilaren 13a
08:00
Entzun

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak gaur esan du legea garai politikoaren gainetik dagoela, eta Espainiako Gobernuak "ETAren porrot oso eta baldintzagabekoa lortzeko lanean" jarraituko duela. Gutxietsi egin du Urkijok larunbatean Bilboko kaleetan konponbidea eskatu zuten herritarren kopurua; haren hitzetan, puztu egin da 100.000ko datu hori, eta gaineratu du Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan PPk boto gehiago jaso zituela.

2012ko urriaren 21eko hauteskundeetan 130.584 boto jaso zituen PPk, eta hamar legebiltzarkide eskuratu zituen. Laugarren indar politikoa da legebiltzarrean, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren atzetik. Larunbateko manifestazioa deitu zuten alderdiek, ordea, 662.689 boto jaso zituzten: 384.766 EAJk (27 legebiltzarkide) eta 277.923 Sortu, Aralar, EA eta Alternatibak (EH Bildu, 21 legebiltzarkide).

Urkijok uste du EAJk hanka sartu duela manifestazioan parte hartuta, eta Urkulluren alderdiak "okerreko ibilbidean" beste pauso bat eman duela gaineratu du. EPPKren urte amaierako adierazpenak beretzat garrantziarik ez duela ere esan du Bilbon Urkijok; zehazki, "garrantzirik gabeko amua" dela adierazi du. Horrelakoek gobernuaren helburua ez dutela aldaraziko dio, eta amnistia eskatzea izugarrikeria dela.

Espainiako Polizia eta Guardia Zibila, "betiko"

Urkijok gaineratu du Espainiako Polizia eta Guardia Zibila "beti" izango dela Euskal Herrian, "batzuei gutxiago gustatzen bazaie ere". Nolanahi ere, esan du ez dela "totem" bat egin behar gaiaz eta polizia kopurua "aldatu" daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.