Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak kritikatu egin du Jone Artolak larunbatean izan zuen "protagonismo erabatekoa". Bilboko Aste Nagusiko suziria bota ez zuen arren, Arriagan gonbidatuak hartu zituela azpimarratu du, balkoian nabarmendu zela eta kalean beste suziri bat bota zuela.
Urkijoren arabera, EAJk konpartsekin negoziatu izanaren ondorio izan zen txupinazoa, eta EAJri Jone Artola txupinera izendatzeko debekua "espirituz" urratzea leporatu dio. Aitortu du, hala ere, ez dagokiola berari erabakitzea suziria nork bota behar duen, "udalaren eskumena delako".
Epailearen zain
Espainiaren ordezkariak ez du baztertu larunbateko ekitaldiaren aurkako ekinbideren bat bultzatzea, baina "oraingoz" onena itxarotea dela esan du, "epaileak esan arte autoak zioena bete den edo ez".
Gainera, heserre agertu da azken egunetan EAJko eta ezker abertzaleko kideek egin dizkioten kritikengatik. Adierazi du EAJren erantzunak harritu egin duela, ez delako ez "justua" eta ez "neurrikoa" izan. "Sortu edo Bilduren kritikek ez naute harritu. Ohituta nago legearen alde egiten dugun edozer ETA babestu duen mundu horrek kritika dezan".
Bere kargua, Konstituzioan jasoa
Sortuk aurreko astean Espainiako Gobernuaren ordezkaritza kentzeko egin zuen proposamenaren inguruan, adierazi du Konstituzioan jasotako kargu bat dela, eta kendu nahi dutenei Konstituzioan aldatzeko proposamena aurkezteko eskatu die, eta ez dezatela hedabideetan alferrikako deirik egin.
PSE-EEri ere mintzatu zaio, eta adierazi du ez dela gehiegikerietan ari, sozialistek hala salatu badute ere. "Niretzat errazagoa eta erosoagoa izango zen ezer ez egitea, eta orain Bilboko eta Laudioko jaietan lasai asko paseatu ahal izatea, iraindua izateko beldurrik gabe".
Itxaso Atutxa: "Espainiako Gobernuaren ordezkariaren oztopoa gainditu zen"
Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak gaur Radio Euskadin esan du Bilboko Aste Nagusiaren hasieraren balantzea ona dela, jaia jai delako orain ere. "Txupineraren eztabaida alde batera utzita, jaiak aurrera jarraitzen du". Haren hitzetan, Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren eskaera Jone Artolaren izendapena debekatzeko oztopo bat izan zen, eta hori gainditu zen larunbatean: "Txupinazoaren ekitaldi instituzionala salbatu zen, errespetuan egin zen, eta behin Espainiako Gobernuaren ordezkariaren oztopoa gainditu zenean, 19:05ean jaietan ginen", esan du.
Jai ereduaren alde ere mintzatu da: "Funtzionatzen du, eta jendeari gustatzen zaio. Jendeak parte hartzen du, eta Bilboko jaietan parte hartzea gustatzen zaio. Ez da eztabaidan dagoen eredua; gertatu dena da Espainiko Gobernuaren ordezkaritzak sustatu duen polemika bat izan dela", adierazi du. Horrek tristatu egin duela aitortu du, "gainditutako etapa bat zelako". Hala ere, gertatutakoak ezker abertzaleari publizitatea egin diola esan du.
Joseba Permach: "Erasoek ez dute etenik izango datozen hilabeteetan"
Zarautzen (Gipuzkoa) agerraldia egin zuen atzo Joseba Permachek. Jone Artola Bilboko txupineraren eta Pablo Gorostiaga Laudioko pregoilariaren aferak izan zituen gogoan: "Estatuak eta horren ordezkariek Euskal Herriaren kontra egiten dituzten erasoak areagotu egin dira, Euskal Herrian zabaldu den prozesuak eta bakeak beldurtzen dituztelako". Urrian Auzitegi Nazionalean egitekoak dira bi epaiketa —herriko tabernena eta Segirena—, eta ohartarazi du erasoek ez dutela etenik izango datozen hilabeteetan: "Beldurtuta daude herri honen gehiengo sozialak aske izan nahi duela erabaki duelako".
Itziar Villafañez: "Argi eta garbi geratu da txupinera Jone Artola dela"
Bilboko Konpartsetako bozeramaile Itziar Villafañezek adierazi du "egun gogorrak" bizi izan dituztela, "kanpotik datozen erasoak" pairatu dituztelako. Villafañezek Artolaren izendapena defendatu du: "Argi eta garbi geratu da txupinera Jone Artola dela: Bilboko herriak berak eman ido Joneri dagokion lekua". Artolak ez zuen bota larunbateko txupina, eta hori ez zen konpartsen gustuko erabakia izan, baina "ezohiko egoera batek horretara behartu" dituela salatu du Villafañezek.
Leopoldo Barreda: "Txupinazoa iruzurra izan zen: ez zuen ebazpen judiziala bete"
EAEko PPko bozeramaile Leopoldo Barredaren ustez, "larunbateko txupinazoak Jone Artola omendu zuen", eta, horregatik, txupinazoa "iruzurra" izan zela uste du, eta ez zuela ebazpen judiziala bete. Barredaren ustez, Bilboko Udalak "Bilduren munduarekin bat egin" zuen. Txupinazoaren bidez "ia omenaldia egin zitzaion justiziak txupinera izateko ezaugarriak betetzen ez zituela ebatzitako pertsona bati", eta "preso terroristak goratu" ziren, Barredaren ustez. "Txupinazoan bizi izan ziren eszenak benetan lotsagarriak izan ziren", arbuiatu du Barredak.
Alfonso Gil: "Udalak eta Konpartsek lortutako akordioarekin jaia baretzea lortu genuen"
Bilboko Udaleko PSE-EEren bozeramaile Alfonso Gilen ustez, helburua Aste Nagusiaren aurreko egunetako giroa "baretzea" zen, eta uste du udalak eta konpartsek larunbatean hartutako erabakiak hori posible egin zuela. "Politikan, muturreko jarrerak gorabehera, hainbat lagun iraganera begira ari dira une oro, eta iraganean jazotakoa aitortzen, baina etorkizunera begiratzea eskatzen du gizarte honek, irakurketa okerrik ez egoteko", adierazi du Gilek. Hala ere, gogoratu du elkarbizitza "gainditu gabeko irakasgaia" dela.
Aitor Esteban: "Konponbiderik onena izan zen"
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea elkarrizketatu du Cadena Ser irratiak, eta Artolaren izendapenaren inguruan ere galdetu diote. Estebanen ustez, "modu zuzenean" ebatzi zuten Aste Nagusiaren txupinazoa jaurtitzeko kontua, eta zeuden aukeren artean "onena" hartu zutela uste du. Konpartsek "gauzak zaildu" zituztela ere baieztatu du. Dena den, hartutako erabakiak ez duela epailearen ebazpenaren kontra egiten uste du Estebanek.