Josep Lluis Carod-Rovirak, berriz, oraingoz Kataluniako Gobernuko kontseilari buru kargua utzi eta martxoan Espainiako Legebiltzarrerako hautagai izatea erabaki arren, berriro ere Generalitatera itzultzeko aukera ez duela baztertu agertu du gaur Catalunya Radio irratian egin dioten elkarrizketan. "Gobernutik atera naiz, baina horrek ez du esan nahi etorkizun batean, dela legegintzaldi honetan, dela hurrengo batean, itzultzeari uko egin diodanik", adierazi du
Era berean, bere dimisioaren ondorioz hutsik geratu den Kataluniako Gobernuko kontseilari buru kargua ERCko norbaitek bete behar duela aldarrikatu du Carod-Rovirak Catalunya Radio-n egindako elkarrizketa horretan. Esan duenez, PSCrekin eta ICVrekin koalizio gobernua eratzeko akordioa egin zutenean, kontseilari buru kargua ERCko buruzagi batek bete behar zuela hitzartu zuten. Ildo horretatik, kargu hori ez dela berea baizik eta alderdiarena nabarmendu du.
ETAko buruzagiekin izandako batzarrari buruzko zenbait azalpen ere eman ditu Catalunya Radioko elkarrizketan. Batetik, solaskideak nortzuk zituen ez zekiela esan du, eta, bestetik, Euskal Herriko egoera politikoaz, Espaniakoaz, Europako Batasunaz zein Ibarretxeren Planaz mintzatu zirela. ERCko buruzagiak adierazi du batzarra "baliagarri" izan zela uste duela: "hitzegitea ez baita inoiz denbora galtzea, atzean bake aukera bat badago".
Carod-Roviraren eta ETA-ren arteko bilera
Carod-Roviraren aurka diligentziak hasi dituela iragarri du Cardenal Espaniako fiskal nagusiak
Jospe Lluis Carod-Rovira ERCko idazkari nagusi eta atzo arte Kataluniako Gobernuko kontseilari buruak ETArekin izan zuen bileraren ondorioz, haren aurkako salaketarik jar daitekeen aztertzeko diligentziak hasi dituela iragarri du Jesus Cardenal Espaniako fiskal nagusiak. Azterketa hori aurrera eramateko komunikabideetan agertzen ari diren informazioetan ari direla oinarritzen argitu du Cardenalek. Astelehenean, ordea, batzar horretan ez zuela delitu zantzurik sumatzen adierazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu