Carod-Roviraren eta ETA-ren arteko bilera

Carod-Roviraren dimisioa onartu du Maragallek, baina karterarik gabeko sailburu gisa mantenduko du Gobernuan

Arratsaldeko bostetan hasi du Pasqual Maragall Kataluniako Gobernuko presidente sozialistak Josep Lluis Carod-Rovira Gobernuko bigarren buruzagia ETArekin batzartu zela-eta piztu den krisiari buruzko agerraldi instituzionala. Carod-Roviraren "ibilbide demokratikoa" goraipatzen zuten hitz goxoekin ekin dio adierazpenari, baina, amaieran, ERCko idazkari nagusiak atzo eskainitako dimisioa onartu egin duela iragarri du. Maragallek azaldu duenez, Carod-Roviraren jokabideak Kataluniako Gobernuaren "sinesgarritasuna" kaltetu du, eta horregatik onartu du kargu uztea. Nolanahi ere, karterarik gabeko sailburu gisa mantenduko du Gobernuan. Halaber, Kataluniako Gobernuari, Legebiltzarrari eta "indar demokratiko guztiei" barkamena eska diezaiela galdegin dio Maragallek Carod-Rovirari.

2004ko urtarrilaren 27a
19:51
Entzun
Carod-Rovirak conseller en cap edo Kataluniako Gobernuko bigarrena zen heinean orain arte izan dituen eskumenak, berriz, exekutiboko kideen artean banatuko dituela jakinarazi du presidenteak. Vilaweb Kataluniako egunkari elektronikoak argitaratutakoaren arabera, Bargallo sailburuak bereganatuko ditu eskumen horietako gehienak.

Maragallek azpimarratu du krisi honek ez duela PSCren, ERCren eta ICVren hiruko gobernuko koalizioa hondatuko.

Espainiako 'ABC' atzo plazaratu zuen Carod-Rovira ETAko buruzagiekin bildu zela Kataluniako Gobernuko bigarren buru kargua hartu eta gero. Carod-Rovirak hala zela onartu zuen; "su-eten bat lortzeko itxaropenez" joan zela bilerara azpimarratu zuen. Horren ondoren, ekaitz politiko handia piztu da Katalunian, Generalitateko Gobernuko hiruko koalizioa zalantzan jartzerainokoa.

Hain zuzen ere,Carod-Roviraren jokabidea "onartezina" dela esan zuen atzo Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusiari eskatu zion Pasqual Maragall Kataluniako Gobernuko presidente sozialistari exiji ziezaiola ERCkoburua kargutik kentzeko.

Atzo eguerdian auziari buruz egin zuen adierazpenean, Carod-Roviraren jarrera gaitzetsi zuen Rodriguez Zapaterok ere, baina erabakiak hartzea Kataluniako Gobernuari eta PSCri zegokiela nabarmendu zuen. Iluntzean, ordea, Aznarren adierazpen gogorren ondoren, komunikatu bat plazaratu zuen jarrera aldatuz, eta Maragalli eskatuz Carod-Rovira kargutik ken dezala.

Atzo arratsaldean Maragallen esku jarri zuen ERCko buruak kargua, baina Kataluniako presidenteak ez zuen dimisioa onartu, nahiz eta kanpo harremanetarako eskumenak kendu zizkion Carod-Rovirari. Azkenean, ordea, PSOEtik jasotako presioek Carod-Roviraren dimisioa onartzera behartu dute Maragall.

Gaur goizean, hasiera batean hamarretan zen egiteko Kataluniako Gobernuaren bilera, baina bi ordu atzeratu da. Izan ere, Generalitatea osatzen duten hiru alderdiek —PSCk, ERCk eta ICVk— aldebiko batzarrak egin dituzte aurrena. Azken informazioen arabera, Maragallek arratsaldeko bostak aldera jakinaraziko du zer erabaki hartu duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.