Atentatua Arrasaten

Carrasco zinegotzi sozialista ohiaren hilketa salatzeko 300 bat lagun batu dira Arrasateko plazan

ELAk eta Carrascok lan egiten zuen enpresako langile batzordeak deitu dute protestara, baina bakoitzak bere pankarta jarri du. Arratsaldean manifestazioa egingo da, EAE-ANVk izan ezik Udaleko talde guztiek deituta.

2008ko martxoaren 10a
16:16
Entzun
Joan den ostiralean ETAk Arrasaten hil zuen Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohiaren lankideek protesta elkarretaratzea egin dute Arrasateko (Gipuzkoa) Udaletxeko plazan. Goizeko hamarrak aldera hasi da Bidelaneko -AP-1 autopista kudeatzen duen enpresa- langile batzordeak deitutako elkarretaratzea; Askatasuna, bakea jartzen zuen pankarta zabaldu dute.

Ordu eta leku berean elkarretaratzera deitu dute, halaber, ELAko ordezkariek, baina Abertzale eta langile garelako, ez gaude ados jartzen zuen pankarta zabaldu dute haiek. Bidelaneko langile batzordeak iragarri aurretik deitua zuen ELAk elkarretaratze hori. Guztira 300 bat lagun batu dira Arrasateko plazan, eta elkarrekin nahastuta egon dira. Hala ere, Josu Onaindi CCOOren EAEko lehendakariak deitoratu egin du ELAk pankarta propioa ateratzea.

Onaindiz gain, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia eta Txiki Muñoz idazkari nagusiaren albokoa ere elkarretaratzean izan dira. Han egon dira, halaber, Rebeka Ubera Aralarreko ordezkaria Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta Ander Rodriguez Arrasateko Udaleko alkateordea (EB).

Arratsaldean, 19:00etan, manifestazioa egingo da Arrasaten hilketa gaitzesteko. EAE-ANVk izan ezik, Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek deitu dute manifestaziora.

Gaur Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere egin dituzte elkarretaratzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.