«Etsita» zegoen atzo Asun Casasola, Nagore Laffageren ama, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren berri izatean. Justiziak «huts egin» ziola nabarmendu zuen. Hain zuzen, Auzitegi Gorenak ez du aintzat hartu euren helegitea, eta hilketa izan zela ukatu du. «Ziur nengoen hilketa hitza agertuko zela epaian. Banekien zaila izango zela eta Auzitegi Gorenak ezin zituela aintzat hartu froga garrantzitsu batzuk. Hala ere, esperantza banuen hilketa hitza ager zedin». Casasolak, dena den, argi du: «Nagore hil egin zuten, eta heriotza bortitza izan zuen».
Casasolarentzat, epaia «kolpe gogorra» izan da: «Bi urte hauetan, kolpeak jaso ditut bata bestearen atzetik, baina beti nuen zerbait lortuko nuen esperantza. Orain, ordea, ez daukat ezer». Berretsi egin du zinpeko epaimahaiak «hanka sartu» duela bere alabaren kasuan, «manipulatzen utzi delako eta soilik bera [Jose Diego Yllanes] hartu duelako aintzat».
Herritarrei dei egin die Casasolak bere alabaren inguruan Helena Tabernak egindako dokumentala ikustera joateko, «iritzi publikoak erabaki dezan hura hilketa bat izan zela eta ikus dezan zinpeko epaimahaiek ez dutela balio». «Beste kasuetan ez dakit, baina Nagoreri huts egin diote», gaineratu du.
Bi aldeen abokatuek ere hitz egin zuten atzo. Laffageren familiaren abokatuak berretsi egin zuen hilketa izan zela, baina aitortu zuen ezin izan dutela frogatu. Yllanesen abokatuaren esanetan, baina, «neurrigabeko garrantzia» eman zaio homizidioa eta hilketa bereizteari; izan ere, haren esanetan, «ez dago hainbesteko ezberdintasunik espetxe zigorrean».
Alderdien erreakzioak
Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak deitoratu egin zuen Auzitegi Gorenak batzar nagusietako helegitea baztertu izana, eta Laffageren senideen «garaipen soziala» nabarmendu zuen. Aralarrek, berriz, elkartasuna agertu zion familiari, «justizia egin dadin ikaragarrizko lana egiten ari direlako». Kasu honetan, ordea, justiziarik ez dela egin uste du.
Casasola: «Ziur nengoen 'hilketa' hitza agertuko zela»
Yllanesen abokatuaren ustez, «neurrigabeko garrantzia» eman zaio hilketa eta homizidioa bereizteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu