AHT

Castejon-Alesbes zatiko lanak eman ditu Nafarroako Gobernuak, 28,46 milioi eurotan

Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak nabarmendu du udan lanean hasiko direla zati horretan. AHTko obren gastuari buruz esan du eraginik ez duela izango Nafarroan, Espainiako Gobernuak pagatuko duelako. Iruñeko gobernuak, hori bai, interesak ordaindu beharko ditu.

2012ko ekainaren 27a
20:38
Entzun

AHT abiadura handiko trenaren lanek aurrera jarraitzen dute Nafarroan, eta Gobernu Kontseiluak Castejon-Alesbes zatiko lanak eman dizkio Acciona Infraestructuras eta Obenasa enpresek osatutako taldeari. 28,46 milioi eurotan eman dituzte obrak, eta hori lorpen gisa aurkeztu du Iruñeko gobernuak, lehiaketan aurreikusitakoa baino %30 gutxiagoan eman baitituzte obrak. Sei kilometro pasatxo ditu zatiak. Udan hasiko dira obrak. Inguruko bigarren zatia izango da lanean; aurreko azaroan hasi ziren Cadreita eta Alesbes artean.

Murrizketa garaian AHTak sortuko duen gastua gutxietsi egin du Luis Zarraluki Sustapen kontseilari berriak. Azaldu du Espainiako Gobernuak ordainduko duela azpiegitura: "Nafarroaren gastuan eta zorpetzean ez du eraginik izango". Hori bai, aitortu du Nafarroan interesak pagatu beharko dituela.

AHTaren defentsa sutsua egin du kontseilariak: "AHTak Nafarroari aukerak eta onurak ekarriko dizkio, eta jada ari da ekartzen. Europako trenbide sarean jarriko baikaitu, industria jarduna erakartzeko bidea izango baita, eta zerbitzuetan eta enpleguan eragina izango baitu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.