Frantziako Asanblean mintzatu da, arratsalde honetan, Jean Castex Frantziako Lehen ministroa. Haren ustez, «hirugarren olatu mota bat» iritsi da Frantziara. Intzidentzia tasa emendatzen ari da berriro, eta kezka erakutsi du agertu diren birusaren aldaera berriengatik. Erresuma Batuko aldaerak gaina hartu dio jada birusaren jatorrizko formari. Horrez gain, beste aldaera batzuk ere emendatzen ari dira, hala nola Hegoafrikakoa eta Brasilgoa.
Gaur bertan, Bretainian agertu den birusaren aldaera berri bat atzeman dute, Bretainiako Eskualdeko Osasun Agentziak jakinarazi duenez. Kezka piztu du aldaera berri horrek: lehen emaitzen arabera, PCR proba batekin ezin da atzeman, eta bestelako azterketak behar dira positibotasuna frogatzeko. Halere, Eskualdeko Osasun Agentziak segurtatu du kontrolpean dutela agerraldia.
Castexek segurtatu du txertaketa kanpaina dela aldaera horiei eta hirugarren olatuari aurre egiteko molderik eraginkorrena. Atzo, AstraZenecaren txertoa erabiltzeari utzi zion Frantziak, Emmanuel Macron Frantziako lehendakariak hala erabaki ondotik. Castexek «espero» du «ahal bezain fite» hasiko direla berriz txerto hori jartzen, txertaketa kanpainan ondorioak ahalik eta apalenak izan daitezen.
Gainera, Castexek ez du baztertu intzidentzia tasa handia duten departamenduetan neurri murritzaileagoak ezartzea. Pas-de-Calaisen eta Nizan (Okzitania), etxeratze aginduaz gain, asteburuetako konfinamendua ere ezarri zuen Macronek martxoaren hastapenean. Datozen egunetan, Paris inguruko departamenduetan neurri bera ezartzea espero da.