Amaitu dira Nafarroako Parlamentuak Ogasunean izan diren gorabeherak ikertzeko agerraldiak. Gaur jakinarazi dutenez, Yolanda Barcinaren atzoko agerraldiaren ostean ez dute gehiago eskatuko, eta ostiralean emango dituzte ikerketatik atera dituzten ondorioak. Talde parlamentariek ostiraleko 08.30 arte daukate ondorioak aurkezteko epea, eta 11:00etatik aurrera ikerketa batzordeak bilera egingo du batzordearenak lantzeko. Ordurako batzordekideek espero dute gobernuari eskatutako txostenak ere eskura izatea,
Bien bitartean, ikerketarako agerraldiak amaitu ondoren, Alberto Catalan parlamentuko presidenteak gaur esan du ikerketa horrek ez duela eman arrazoi nahikorik zentsura mozio bat aurkezteko. "Alderdiek egiten dituzten balorazioetatik urrundu eta parlamentuko presidente bezala inpartzialtasunez jokatu behar dut", esan du lehenik eta behin Catalanek, eta ondoren gaineratu du ez duela zentsura mozioa aurkezteko arrazorik ikusten. Horrez gain, azpimarratu du Idoia Nievesek esan duela ez duela ikusi lege-hausterik edo ustelkeriarik, eta nabarmendu du ikerketa batzordeak herritarrei gertatutakoa ulertzen lagundu diela.