KOMUNIKABIDEAK

Catalanek dio epaiak ez dituela behartzen lizentzia Euskalerria irratiari ematera

Nafarroako Gobernuko bozeramaileak esan du epaia errespetatuko dutela, baina egoera lehengoratu soilik egin dela. Hau da, lehiaketa egin zen egunean bezala dagoela egoera.

2010eko otsailaren 12a
18:34
Entzun
Euskalerria irratiari arrazoi eman dio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, baina horrek ez du berekin ekarriko zuzenean lizentzia lortzerik. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Alberto Catalanek adierazi du Sanzen gobernuak "onartu eta errespetatu" egingo duela epaileen ebazpena, baina argi utzi du horrek ez duela esan nahi Iruñeko euskarazko irratiak emititzeko lizentzia lortuko duenik. "Epaiak ez dio enpresa horri inolako eskubiderik edo betebeharrik ematen irrati emisiorako lizentzia izan dezan". Euskalerria irratiko zuzendari Mikel Bujandak atzo bertan onartu zuen epaiak ez duela esaten lizentzia euskarazko irratiari dagokionik, baina pauso garrantzitsutzat jo zuen erabakia.

Nafarroako Auzitegiak bertan behera utzi du Nafarroako Gobernuak 2006an egindako lizentzien banaketa, akatsak dituela eta. Horri heldu dio Catalanek: "Epaiak atzera eraman du prozedura guztia, kontratazio mahaiaren balorazioan akats administratiboa ikusi duelako". Hartara, ziurtatu du Sanzen gobernua akats hori zuzentzen ahaleginduko dela, "kontua behin betiko konpontzeko".

Bigarren aldia da Nafarroako Gobernuaren irrati lizentzien banaketa bertan behera uzten dutena. 1998ko banaketan ere Euskalerria irratia baimenik gabe utzi zuten, eta auzitegiek baliogabetu zuten banaketa. Orduko hutsa konpontzeko behar zuen bigarren banaketa da orain baliorik gabe utzi dutena.

Nafarroa Baiko koordinatzaile Patxi Zabaletak esan du auzitegiaren erabakia "errieta juridikoa" izan dela. "Oso larria da, agerian geratu delako Nafarroako Gobernuak ez duela bete Nafarroako Auzitegiaren aurreko erabakia". Zuhurrago mintzatu da PSN. Marta Chivite eledunak Sanzen gobernuari eskatu dio epaiak dioena betetzeko, eta irrati lizentzien banaketa irizpide objektiboak erabiliz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.