Ikastetxeak

Catering enpresa handien guneak «bahitu» ditu bertako elikaduraren aldeko talde batek

Eskola publikoetan bertako baserritar eta arrantzaleen produktuak erabiltzeko eskatu dute ekintza horren bitartez.

Blokeaturiko guneetan agertzen den bideoaren irudi bat. BERTON BERTOKO
Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 11
18:10
Entzun

Ekintza informatiko baten bidez, agintari publikoei mezu bat helarazi die Berton Bertokoa taldeak: «Zuen ekintzarik ezaren aurrean, esku hartzea erabaki dugu. Horregatik, gure eskoletako elikadura bahituta daukatenak bahitu ditugu». Euskal Herrian lan egiten duten sei catering enpresaren webguneen kontrola bere gain hartu duela esan du taldeak. Baina guneen blokeatzea simulatu baino ez du egin. Taldeak emaniko esteketan sartuz gero, taldearen bideo bat ikusten da, eta, horretan, umorez zabaltzen du tokian tokiko elikaduraren aldeko mezua.

Duela urtebete taldeak eginiko eskaera gogoratzen hasten da bideoa: orduan, 24 ordu eman zizkieten sukaldeak jartzeko hainbat herritako eskoletan, tartean Atxondo eta Zaldibarkoetan (Bizkaia).

Ultimatumak ultimatum, bideoan pirataz mozorroturik agertzen den gizon batek adierazten du jangeletan ez dela aldaketarik nabari. «Bizitzen ari garen garai gogor honek gardenki erakutsi digu tokiko kontsumoak elikaduran duen garrantzia. Jangela eredu berri bat behar dugu, umeentzat osasuntsua, bertoko eta sasoiko produktuekin. Baserritar, arrantzale eta hezitzaileen lan baldintza justuak bermatzen dituena».

Adierazten duenez, «oinarrizko eskubideak» dira kalitatezko hezkuntza eta elikadura, eta agintari publikoek bermatu beharko lituzkete. «Gure eskoletan, aldiz, elikadura negozio bihurtu dute».

Agintarien «ekintzarik ezaren aurrean», aferan esku hartzea erabaki dutela adierazten du taldeko kideak. Kontrolpean harturiko webguneak askatzeko, «eskola publikoetan gure baserritar eta arrantzaleen produktu freskoak» prestatzeko aukera emateko eskatu dute. «Eskoletan sukaldeak nahi ditugu. Bestela... oilo jana izango zarete» mezuarekin amaitu dute bideoa.

Kezka eta zigorra

Duela urtebete, Gure platera gure aukera kanpaina abiatu zuen taldeak. Hainbat galdera jarri zituzten mahaiaren gainean orduan. «Zer bazkaltzen dute Euskal Herriko ikasleek eskolako jantokian? Produktu freskoetan oinarritutako elikadura eskaintzen diete, ala plastikoan bildutako prozesatuak? Non prestatzen dute bazkaria: eskolan bertan, ala kanpoko enpresa baten sukalde industrialetan?».

Eusko Jaurlaritzak 2000. urtean arautu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jantokien kudeaketa. Ordutik, Hezkuntza Sailarena da zerbitzua kontratatzeko ardura, lau urtean behin egiten den lizitazio baten bidez.

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak 2017an argitaratutako txostenaren arabera, zazpi catering enpresak kudeatzen dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako 500 jantokiak.

Catering enpresa handietan oinarritutako sistemaren aurka ari da Gure Platera Gure Aukera taldea. Iaz BERRIAn argitaraturiko Jantokiko lezioa gainditu ezinda erreportajean azaldu zutenez, kezkatuta daude haurrei ematen dieten janen «kalitate eskasaz». EHIGEk bultzatu du plataforma, eta, Berton Bertokoa taldeaz gain, besteak beste Sortzen, Steilas, LAB, ESK eta Bidezko Elikadura ari dira lanean.

Bideoan, gogora ekarri dute 2016ko otsailean Lehiaren Euskal Agintaritzak 18,4 milioi euroko isuna ezarri ziela zazpi catering enpresari merkatua euren artean banatzeagatik. Isuna 7,3 milioira murriztu zuen EAEko Auzitegi Nagusiak gero. Frogatutzat jo zuen enpresek prezioak adostu zituztela hamar urtez, eta Jaurlaritzaren «prebentzio faltaz» ohartarazi zuen. Hainbat kalkuluren arabera, amarru horri esker, 70 eta 80 milioi euro arteko irabaziak lortu zituzten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.