2011ko udal eta foru bozetan catering-a hauteskundeetako gastu bezala kontatzea aurpegiratu die Espainiako Kontu Auzitegiak EAJri, PPri eta PSOEri. Auzitegiak adierazi du jan-edana ez dela beharrezko zerbitzua ekitaldi politikoetan, eta, "egungo testuinguru ekonomikoan, diruz lagundu beharreko gastuak soilik behar-beharrezkoak direnak" izatearen alde egin du. Hortaz, gastu hori alderdiek ordaindu beharko dutela ebatzi du auzitegiak, eta ez dituztela zerbitzu horiek diruz lagunduko.
EAJk hiru ordain agiri aurkeztu zituen, 9.900,77na eurokoak. PSOEk 74.012 euro ordaindu zituen zerbitzu horietan, eta PPk 37.724,69 euro. Aralarren kasuan, auzitegiak proposatu du diru laguntzak 20.406 euroan murriztea, iazko bozetan legeak aurreikusten ez zituen espazioetan —tokiko telebista kate ugaritan— iragarkiak jartzeagatik. Arrazoi berdinagatik, Ezker Batuari 11.235 euro murriztea nahi du auzitegiak. Gainera, gehienez gastatu beharreko diru kopurua gainditu zuten Aralarrek nahiz Ezker Batuak; behar baino 135.159,9 euro gehiago gastatu zituen Aralarrek, eta 53.642,3 euro gehiago Ezker Batuak.