Larunbatean agertu zen izendapena Frantziako Gobernuaren aldizkari ofizialean, eta hemendik hamabortz bat egunera izendatu behar lukete Catherine Seguin (1970, Paris) Baionako suprefet berri. Seguinek Europar Ikasketa Modernoak egin zituen Ingalaterran eta Alemanian, eta ondotik soziologia politikoa ikasi zuen Grenobleko Unibertsitatean. Frantziako Gobernuko hainbat ministeriotan eta Pays de la Loireko eskualdean kontseilari gisa aritu ondotik, kazetaritza arloan ibili zen. Bertzeak bertze, Canal +, TV5 Monde eta Canal France Internationalentzat lan egin du.
Prefetura arloan Frantzia iparrean hasi zuen ibilbidea. Pas-de-Calaisko prefeturako idazkari nagusi izendatu zuten 2011n, eta 2013tik Saone-et-Loire departamenduko suprefeta izan da. Frantziako Gobernuak Ipar Euskal Herrian duen ordezkaritzako buru izendatuko dute orain.
Dallennes, Bretainian
Patrick Dallennesen lekua hartuko du Seguinek Baionan. Izan ere, joan den otsailean Bretainia Eskualdeko defentsa eta segurtasun prefeta-orde izendatu zuten Dallennes, baita eskualde bereko Ille-et-Vilaine departamenduko suprefet ere. Ikastolen kontrako jarrera izan du Dallennesek 2012ko azaroan postua eskuratu zuenetik.