Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak greba "ezinbestekoa" dela adierazi ostean, aukera hori baztertu du gaur CCOOk. Europa Press agentziak sindikatu horretako iturriak aipatuz zabaldu duenez, CCOO ez dago "gaur-gaurkoz greba orokorraren dinamikan".
Horren ordez, sektore publikoan mobilizazio bateratuak antolatzeko aukerak aztertzearen alde dago CCOO, "betiere sektore pribatuan negoziazio kolektiboa desblokeatzeari lotuta badago".
Greba orokorrerako arrazoiak izeneko agiria plazaratu zuen atzo Muñozek. Grebara deitzera ez da iritsi Muñoz, baina bidea prest utzi du: "Esperimentu totalitario bat pairatzen ari gara, pobreen aurkako gerra egin nahi dute. ELAren ustez, soziala den guztia eraisteko erabaki horri greba orokorrarekin erantzun behar diogu. Ezinbestekoa da, politika alternatibo bati balioa emateko".