Hilberria

Celes Alvarez zendu da, 'Naparra'-ren ama

Ia lau hamarkada egin ditu Alvarezek semearen bila. Ziburun ikusi zuten azken aldiz Jose Migel Etxeberria Naparra, 1980ko ekainean; geroztik, haren bila ibili da familia. 2014an NBEra jo zuten laguntza eske.

Celes Alvarez, 'Naparraren' ama, (erdian) artxiboko argazki batean. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
arantxa elizegi egilegor
2018ko azaroaren 29a
15:37
Entzun

"Badakit Jose Migel hila dela, baina aurkitu egin behar dut; bestela, sekula ez dut itxaropena galduko. Eta orain arte atxilotuta, nonbait ezkutatuta eduki izan balute?". Celes Alvarezen hitzak dira. Bere seme Jose Miguel Etxeberria Naparraz ari da. 38 urte egin ditu Alvarezek haren bila, 1980ko ekainaren 11n Ziburutik eraman zutenetik. Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea izaki, atxilotua zutela uste izan zuten lehenik; baina, Baionako polizia etxean ez zegoela egiaztatuta, bestelako susmoak piztu ziren.

Batallon Vasco-Español taldeak bere gain hartu zuen bahiketa, eta hilaren 30eko komunikatuan esan zuen bahitua exekutatu eta Xantako inguruan lurperatu zutela. Ordea, haren gorpua ez zen sekula agertu. Desagertu eta bi urtera, bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak Frantzian, aztarna berrien zain. Senideeek Espainiako auzitegietara jo zuten 1999an, eta desagertzea gertatu zenean "borroka antiterroristako arduradun" zirenen lekukotzak eskatu zituzten.

Ismael Moreno instrukzio epaileak artxibatu egin zuen kasua, eta haren erabakia babestu zuen 2004an Angel Murillo epaileak ere, argudiatuz ez zela frogatu Etxeberriaren desagertzea "delitua" izan zenik, eta are gutxiago "talde terrorista" batek eragindakoa.

Baina Naparraren senideek ez zuten etsi, eta NBEra jo zuten. Erakundeko kideekin bildu ziren Alvarez bera eta Eneko Etxeberria Naparraren anaia. Nazio Batuen Erakundeak arrazoia eman zion familiari, eta Etxeberriarena "desagertze behartua" izan zela ebatzi zuen.

Mont-de-Marsan

Duela bi urte, 2016ko urrian, kasua berriz irekitzeko eskatu zuen Iñigo Iruin abokatuak, 1980ko hamarkadaren hasieran ETAren-eta aurkako "estatu terrorismoarekin" lotutako pertsona batek Iñaki Errazkin kazetariari emandako informazioan oinarrituta. Iturri haren arabera, gorpua Mont-de-Marsan (Frantzia) ondoko udalerri batean zegoen lurperatua.

Bilaketa lanek, baina, ez zuten esperotako emaitza eman. Hori baliatuta, auzia artxibatzeko eskatu zuen maiatzean Ismael Moreno epaileak, baina Auzitegi Nazionalak, familiaren helegitea onartu, eta lanekin jarraitzeko agindu zuen. Madrilek bilaketa lanekin jarraitzeko eskatu dio Frantziako jendarmeriari, aurrez baztertutako eremu batean, Landetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.