polITIKA

Celestino Galan euskal iheslaria hil da Venezuelan, istripu batean

Auto batek harrapatuta zendu da. Bilbotarra zen, 53 urte zituen eta "erabat bizimodu normala" zeraman Venezuelan, Herrira-k dioenez. 30 urte baino gehiago zeramatzan sasian, Etxeratek esan duenez.

2012ko urriaren 2a
19:01
Entzun

Celestino Galan euskal iheslaria (Bilbo, 53 urte) hil da Venezuelan, auto batek harrapatuta, Etxerat euskal preso eta iheslarien elkarteak gaur arratsaldean jakinarazi duenez. Irailaren 19an zendu zen, elkartearen arabera.

Carabobo estatuko Valentzia hirian bizi zen, "erabat bizimodu normala eginez", Herrira mugimenduak esan duenez. Han seme bat zuen, bost urtekoa. Guztira 30 urte baino gehiago zeramatzan etxetik kanpo, sasian, bi elkarteen arabera.

Etxeratek eta Herrirak "babesa eta elkartasuna" adierazi diete Galanen senide eta lagunei. "Era berean, horrelako egoerak errepika ez daitezen euskal errepresaliatu politikoek Euskal Herrian bizitzeko duten eskubidea aldarrikatzen dugu. Azken urteetan jasandako jazarpen politikoaren eta torturak jasateko beldurraren ondorioz, gure senide eta lagun askok ihes egin behar izan dute euren etxeetatik; ez dakigu non bizi diren ez eta zein bizi baldintzetan bizi diren. Egoera hau bereziki zaila da euren senitartekoak non eta nola dauden ez dakitenentzat", esan du Etxeratek, prentsa ohar batean.

Iheslariak Venezuelan, Panaman, Kuban, Mexicon, Belgikan, Cabo Verden eta beste hainbat herrialdetan daudela dio elkarteak. "Sarri egoera benetan latzak bizi dituzte. Gainera, unoro atxilotuak, torturatuak eta espetxeratuak izateko beldurrarekin bizi dira".

Herrira-k berretsi du "Euskal Herria utzi behar izan zuten herritarren" eskubideen alde lan egiten jarraituko duela. "Izan ere, argi dugu haien itzulera dela konponbidera eta bakera behin betiko hurbilduko gaituen gakoetako bat".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.