Santiago Cervera (Iruñea, 1965) Nafarroako PPko presidente izan da aurten arte. Orain dela hiru urte hartu zuen kargua, bera eta UPNko beste afiliatu batzuk militantzia utzi eta Nafarroan PP berriz sortzeko pausoa eman ostean. Gazte zelarik afiliatu zen Cervera UPNn. Iruñeko Udaleko zinegotzi izan zen, eta 1995ean Iruñeko alkategai izan zen; ez zuen lortu, ordea, CDNk, PSNk eta Nafarroako Ezker Batuak bat egin eta Chorraut alkate jarri ostean.
Udaletik Nafarroako Gobernura egin zuen salto 1996an. Miguel Sanzek Osasun kontseilari izendatu zuen eta 2003ra arte aritu zen zeregin horretan. 2008. urtean Espainiako Kongresuko diputatu hautatu zuten UPNrekin, baina urte horretan bertan, azaroan, alderdi hori utzi eta Nafarroako PPren sortze prozesuan hasi zen. Nafarroako PP Del Burgok sortu zuen 1990ean, baina UPNrekin akordioa lortu ostea desegin zen hurrengo urtean, horren barruan sartzeko.
2009an aurkeztu zen Cervera Nafarroako PPko presidente izateko. Beste hautagaia Nieves Cipres izan zen. Cerverak botoen %92 eskuratu zuen. Iaz Nafarroako Parlamenturako bozetan presidentegai aurkeztu zuen PPk, eta lau parlamentari eskuratu zituzten. Espainiako Kongresuko eserlekua berriro eskuratu ostean, Mariano Raxoik Kongresuko idazkari karguan jarri zuen iaz.