Sanferminak

Cheikhounak botako du suziri alternatiboa

Herri Sanferminak plataformak aurtengo sanferminetako helburuak eta eskaintza aurkeztu ditu gaur goizean, O plazan.

Cheikhounak botako du herri sanferminen txupinazoa. IñIGO URIZ
Iker Tubia.
2017ko uztailaren 4a
07:34
Entzun

Cheikh Dieng txantrearra, auzoan Cheikhouna esaten diotena, kontent agertu da gaur goizean herri mugimenduak antolatutako bestari hasiera emanen diolako. Uztailaren 6an, 14:30ean, bigarren suziria botako dute Iruñean, eta kanporatzeko agindua duen gazte horrek botako du. "Gora San Fermin! eta bestak ongi pasatzeko esanen dut", azaldu du. Orain arte ez du Iruñeko bestez gozatzeko aukerarik izan, eta aurten gogotsu dagoela esan du. 

Angela Epaltzak hitz egin du herri mugimenduaren izenean, eta erabakiaren nondik norakoak azaldu ditu: "Kultur aniztasuna aldarrikatu nahi dugu; plaza hauek kultura ezberdinen topaleku izatea nahi dugu". Cheikhounaren egoera ere azaldu du, epaileak agindua emana baitu hura kanporatzeko. Erabakiari helegitea jarri diotenez, ebazpenaren zain dira. "Onartuko dugun erabaki bakarra gurekin geratzea izanen da", esan du Epaltzak.

Txupinazo alternatiboaz gainera, Herri Sanferminak plataformak jantoki ekologikoari eta herri olinpiar jokoei buruzko informazioa eman du prentsaren aurreko agerraldian. Tokiko produktu ekologikoekin egindako bazkari eta afariak eskainiko dituzte O plazan: eguneko menua 18 euroan emanen dute, eta gauean pizza eta ogitartekoak eginen dituzte. Uztailaren 6an menurik ez da izanen, baina eguerdian jatekoa ere izanen da. Gainera, uztailaren 6tik 9ra hamarretakoak ere eskainiko dituzte. Herri olinpiar jokoak ere nabarmendu dituzte, aurtengo berrikuntza nagusietako bat. "Zezenketen alternatiba izatea nahi dugu". Uztailaren 8tik 12ra eginen dituzte jokoak, eta herritar guziei egin diete parte hartzeko gonbita.

Bestelako eredua

Aurten bi gune izanen ditu Herri Sanferminak plataformak: Errekoleten plaza eta O plaza. "Iruindarrentzako jai huts baino gehiago dira sanferminak", azaldu du Epaltzak, baina kritiko agertu da besta horretako hainbat elementurekin: eraso sexistak, kontsumismoa eta zaborra. Horri aurre egiteko, beste jai eredu bat eraiki nahi dute feminismoan, ekologismoan, euskaltzaletasunean eta antikapitalismoan oinarriturik, besteak beste. "Plaza txikiak dira balio horiek lantzeko tokirik egokienak".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.